We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Migración
Mugaren tolesturak
Manuel Tiagok idatzi eta Iñigo Roque Eguzkitzak itzulitako Bost egun, bost gau honek ia bi dozena tolestura ditu orrien goiko ertzetan
Liburuak mailegatzeko ohiturari eusten diot, emandakoa nahi baino gehiagotan itzuliko ez didatela dakidan arren. Mailegutzaren ekintza gertatzean gaztigu bakarra ematen diot jasotzaileari: kasu pleguei! Testuan gutiziatsua den zerbait kausitzen dudan aldiro lapurretarako gogo gaizki bridatua gailentzen zait eta orri horren goiko ertza tolesteko behar gorria sumatzen dut. Ezin jakin feriatutakoa inoiz erabiliko ote dudan. Erran gabe doa, Manuel Tiagok idatzi eta Iñigo Roque Eguzkitzak itzulitako Bost egun, bost gau honek ia bi dozena tolestura ditu orrien goiko ertzetan.
“Ostatuetan gertaturiko eszenen zertzea, sasitan direlarik Andreren so egiteko manera eta akabera aldean zumirikien ondotiko agurra”
Luze joko luke plegu horien arrazoiak aletzeak. Hona lau bat: Lambaça izenak Jon Alonsoren Enekoitz Ramirez pertsonaia gogora ekarri izana, ostatuetan gertaturiko eszenen zertzea, sasitan direlarik Andreren so egiteko manera eta akabera aldean zumirikien ondotiko agurra.
Hitzaurrea, narrazio luze bat, bi labur eta hitzatzea, txatalez eginiko edizioa ematen du Bost egun, bost gau honek. Beti ere, txatal horiek irakurleak antola ditzake. Hitzatzea hitzaurrearen ondotik leitu nuen; horiek horrela, Pirinioetako muga-pasa kontakizun laburrari ekin nionean Antoñanaren Usubeltz agertzea espero nuen, eta hara non Agosti Xaho Larrunen barna Hegoaldera eraman zuen Shangarin ageri.
Hurrenkera gorabehera, eta puzzlea osatze aldera, Ametsen eta Iñigoren testuak leitu, irakurle.