We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Urbanismo
Gure hirien eraiste neurtuaz

Urtarrilaren erdialdean itxi zuten Gasteizko Aiztogile kaleko Elizondo taberna. Hiriko dinamika ekonomikoan bazterreko gertakizun bat besterik ez zen izan, baina niretzako toki hark zuen esanahiaz jabetu arazi ninduen. Lehen begi-kolpean 90eko hamarkadako estetika zaharkitua zuen Alde Zaharreko enegarren taberna besterik ez zen. Metro koadro gutxiko zulo bat zen, erabat garbitu ezin ziren komun batzuk zeuzkan amaieran, sartu eta ezkerrean barra, pegatina politikoz jositako horma bat zuen sarreran, 80ko hamarkadan ainguratutako musika, funtsean garagardoa edaten zuen jendeak, ez zuen apenas terrazarik kalean baina jendez lepo egoten zen. Kanpotik etorritako norbaitek, ordea, ezingo luke jaso halako toki batean gertatzen dena, bertaratzen ginenok bilatu eta aurkitzen genuena. Eta beraz, ezingo luke neurtu halako toki batek ateak betirako ixten dituenean galtzen denaz.
Zenbait prozesu historiko hain azkar garatzen dira norberaren bizitza aski dela haietaz jabetzeko. Milaka lagun bizi diren hirietan parke baten, gaztetxe baten, kafetegi baten ala liburu denda baten existentziak zentzua eman diezaioke komunitate bati eta komunitate hori osatzen duten norbanakoei. Horregatik, parke hori eraldatuko denean, polizi eta epaileek gaztetxea ustuko dutenean ala higiezinen dinamika orokorrak liburu denda bat itxiko dutenean hirien gogortasun osoa geratuko da agerian. Hala, Euskal Herriko hogeita bost urteko edonork du, honezkero, toki horien galeraren bidez, bizitzaren galeraren sentsazio bat izateko nahikoa adina.
Kapitalaren zerbitzura dauden administrazioak, salgaien zirkulazioa eta pertsonen segregazioa sustatzen duten poliziak eta zuzentarauak, turistak eta langile klase gero eta desklasatuagoa ari dira etengabe kalean
Demagun Gasteizen gaudela: azken urteotan itxi zuten Bode mitikoa. Hamar urte joan dira 2015ean San Frantzisko kaleko Amaya pasteldegia itxi zutenetik, ziurrenik hirian egiten ziren opil goxoenen galera izan zen, besteak beste. Ezinbesteko Jakintza liburu-denda 2019an itxi zuten eta Ayala 2022an. Batzuetan jubilazio adinak egoten dira itxieren atzean, negozio ereduen porrotak, porrot pertsonalak eta kolektiboak; baina mundu galera horiek ia inoiz ez dira berreskuratzen, ezta izen bereko antzeko dendak bertan zabaltzen direnean ere.

Ezinbesteko zenbait toki, Donostiako Errekalde taberna bezala, literalki eraisten dituzte, eraikin osoarekin batera. Beste batzuk, Tobacco Days liburu denda bezala, itxi egiten dira eta hirugarren batzuk, itxiera egunaren zain dauzkagu, Hontza liburu denda bera ala Iruñeko Droguería Lopez, adibidez. Higiezinen zikloarekin bata, erretreta hartu eta inork ardura hartuko ez duelako bestea.
Espazio publikoa, qu'est-ce que c'est?
Kontzeptua etengabe entzun eta irakurtzen dugu: espazio publikoa. Sarritan, kalea ala mundua esango genukeenean, hitz dotoreago baten bila ari garelako izaten da. Baina, honezkero Manuel Delgadok (2011) irakatsi zigun lezioa, hitzak ez dira errugabeak eta espazio publikoaren kontzeptuak halako neutraltasun irudi bat eman nahi digu. Adierazi nahi du kalean dauden aktore ezberdinek haien artean solasaldi bat daukatela eta han gertatuko dena berdintasunean gauzatutako prozesu bat izango dela.
Bada inondik ere, kalean oso indar desberdineko aktoreak ari dira etengabean: kapitalaren zerbitzura esplizituki dauden administrazioak, salgaien zirkulazioa eta pertsonen segregazioa sustatzen duten poliziak eta zuzentarauak, nazioarteko turismoaren industria, langile klase gero eta desklasatuagoaren lan beharra.
Iritzia
Imenasako txakur emea Kolpe urbanistikoa berriz gurean!
Hiriak, literatura, jende xehea
Sarritan aipatzen da XX. mendearen lehenengo hereneko literaturako pertsonaietako bat hiria dela. Hiria ez paisaia soil gisa, ez gune estetiko eta fonetiko huts bat bezala, baizik eta kontagai gisa. Saga horretako zenbait adibide eder eta kanoniko jaso ditugu hemen, jabetzeko baietz, badela Dalloway andre bat baina Dublin protagonista zuen Ulisesi erantzuten diola Dalloway andrearen Londresek. Baden bezala Franz Biberkopf baina, berez, zoramenaz idazteaz gain hiriaz ari dela Berlin Alexanderplatz.
Dalloway andrea ala Virginia Wolfen Londres, 1925ean argitaratua:
Piccadilly geldiro-geldiro igaro ondoren, St. James Streeten behera joan zen beribila. Gizon garai batzuk, gorpuzkera sendokoak, dotore jantziak, fraka soinean, papar zuriak agerian eta ilea atzeraka orraztuta Whiteko behatokian zeudenak zehazten zailak diren arrazoiengatik, eskuak fraken hegalen atzean zituztela eta kanpora begira, senez ohartu ziren handitasuna igarotzen ari zela, eta agerpen hilezkorraren argi margul hura gainera erori zitzaien, Clarissa Dallowayren gainera jausi zen modu berean. Tenteago jarri ziren, eta bizkarretik kendu zituzten eskuak, eta irudi zuen beren Subiranoa zerbitzatzeko prestu zeudela, are azken odol-tanta isurtzeraino, behar izanez gero, arbasoek behinola bezala. Irudi zuen atzealdeko busto zuriek eta mahaitxoek, Tatlerreko aleen eta soda botilen azpian, onespena ematen zutela; irudi zuen Ingalaterrako alor jorien eta oinetxeen isla zirela; eta beribilaren gurpilen burrunba mehea durundatzen zutela, hala nola ozenagotu eta zabaltzen duen galeria xuxurlari batek ahots soil bat katedral osoaren indarrari esker. Moll Prattek, xalean bilduta eta loreak espaloi gainean zeuzkala, zorte on opa zion mutikoari (Galesko printzea baitzen, duda barik) eta, hain zegoen pozez txoratuta, hain gutxi axola zitzaion bere pobrezia, ezen garagardo pitxer baten dirua —arrosa sorta bat— botako zuen St. James’s Street erdira, konturatu izan ez balitz polizia-agente bat begira-begira zeukala, horrek leialtasuna epeldu zion-eta atso irlandarrari. St. Jameseko zentinelek agurra egin zuten; eta Alexandra erreginaren poliziak, onespena eman.
Itziar Diez de Ultzurrunen itzulpena (Edo!, 2014 Donostia).
Berlin Alexanderplatz ala Alfred Döblinen Berlin, 1929an argitaratua:
Taberna txikia Rosenthaler Platzen. Aurrean billarrean dabiltza, atzeko kantoi batean bi gizon kea dariela eta tea edaten. Batek aurpegi erasana eta ile urdina dauka, kapusaia jantzita dago: «Bota ezazu behingoz. Baina geldi egon eta ez zaitez hainbeste mugitu.»
«Gaur ez didazu billarrean jokaraziko. Dardara daukat eskuan.»
Opil gogor bati hozka ari da, tea ukitu gabe.
«Ez daukazu jokatu beharrik. Hemen ondo gaude.»
«Beti kontu berdina. Oraingoan ondo irten da.»
«Norentzat irten da ondo?»
Besteak, gazteak, ile hori argikoak, aurpegia tinko, gorputza tinko duela:
«Niretzat ere bai. Zer uste zenuen, haientzat bakarrik? Orain argi dago.»
«Alegia bota zaituztela.»
«Nik nagusiari aleman garbian hitz egin, eta bera purrustan hasi zait. Iluntzean bidali dit, hilaren hasieratik aurrera kalean egongo naizela dioen agiria.»
«Zenbaitetan hobe da aleman garbian ez hitz egitea. Gizon horri frantses garbian hitz egin bazenio, ez zizun ulertuko eta oraindik barruan egongo zinen.»
«Oraindik barruan nago, zer uste duzu zuk. Ikusiko dute. Bizitza erraztuko diedala uste dute. Egunero, eguerdiko ordu bietan zuzen, han azaldu eta garraztuko diet bizitza: hori nire kontu.»
«Gizon, gizon. Ez al zaude ezkondua.»
Besteak buruari eusten dio: «Hori da okerrena, oraindik ez diodala andreari esan, ezin diot esan.»
«Agian konponduko da dena.»
«Esperoan dago.»
«Bigarrena?»
«Bai.»
Anton Garikanoren itzulpena (Ibaizabal, 2000 Bilbo).
Manhattan Transfer ala John Dos Passosen New York, 1925ean argitaratua:
LOUIS EXPRESSO ASSOCIATION: karteleko letra gorriak Stanen begien aurrean dantzan. URTEKO DANTZALDIA. Neska-mutilak barrura zihoazen. Ederra bikotea, kangurua eta elefantea. Orkestraren zalaparta halleko ate birakarietan zehar iragazi zen. Kanpoaldean euria. Beste ibai bat, beste ibai bat zeharkatzeko. Jakaren papar-hegalak lisatu zituen, ahoa neurritasunez apailatu zuen, bi dolar ordaindu zituen eta zintzilikario gorri, zuri eta urdinez hornitutako gela handi zaratatsu batean sartu zen. Zorabioa. Hartara, lipar batez horman bermatu zen. Beste ibai bat... Dantza egitean elkar behaztopatzen zuten bikoteen azpiko lurzorua kulunkan ari zen, itsasontzi baten bizkarraren gisa berean. Tabernak oreka handiagoa eskaintzen zuen. «Gus McNiel hemen dago». Jende guztiak zioen: «Gus jator hori». Esku handiek zapladak jotzen zituzten bizkar zabalen kontra, aho beltzek orro egiten zuten aurpegi gorrietan. Edontziak jaso egiten ziren, ñir-ñir eginez talka egiten zioten elkarri, jaso eta talka egiten zioten elkarri, halako dantza batean. Begiak hondoraturik eta ilea kizkurturik zituen erremolatxa-aurpegiko gizon sendokote bat errenka zebilen tabernan zehar, makila batean bermatuta.
— Zer moduz, Gus?
— A ze ondo! Nagusia hemen dago.
— Gora McNiel zaharra! Etorri egin da azkenean.
— Zer moduz, Mr. McNiel?
Taberna baretu egin zen. Gus McNielek bere makila airean erabili zuen.
— Aupa mutilok, ondo pasa!... Aizak, Burke, erronda bat nire kontura guztiontzat.
— Hortxe dago aita Mulvaney ere berarekin. Gora aita Mulvaney!... Hori bezalakorik ez dago.
Iñaxio Lopez de Arana eta Martzelo Lopez de Aranaren itzulpena, (Ibaizabal, 1999 Bilbo).
Woolf, Döblin eta Dos Passos dira baina izan zitezkeen 1933ko George Orwellen Paris ala 1934ko Luisa Carnésen Madril, ala Pier Paolo Pasoliniren Erroma, ala Bulgakoven Maisua eta Margaritaren Mosku.
Nobelak aipatu ditugu baina irudiz ere adieraz zitekeen, Frans Masereelek Hiria marraztutako narrazioekin egin zuen 1925ean. Ala olioak izan zitezkeen, 2006an Bilboko Guggenheimen ikusgai egon zen Yuri Pimenoven mihise errealistetako Mosku berria (1937) bezala. Ala zerutik ikusitako Piet Mondrianen New Yorkeko laukidun koloreak. Baina izan zitekeen ere Tina Modottiren argazkietako Mexiko hiria ala Saul Leiterren New York.

Zein hiri bihar bizitzeko, zein hiri biharko artean
Bi fenomeno bikoitz eta kontrajarriren lekuko izan gara azken hiru hamarkadetan. Kapitalismoak, kapital kontzentrazioaren albo kalte gisa, gure hiriak gero eta berdintsuago egiten ditu. Azken moldaketa lanak egin zirenetik ia mobiliario eta lauza berak daude Gasteizko Andra Mari Zurian, Iruñeko Gaztelu Plazan, Donostiako Boulevarrean eta Bilboko Nerbioi ibaiertzean. Garaian, Iruñeak bazituen lehoi burua zuten iturriak baina hondatu ahala, berriak jartzerakoan, merkatu globaleko iturri grisak jartzen dira, berdinak aurki ditzakezu Burgosen eta Bordelen. Segurtasun araudiak lagun, antzera gertatu da garaian hain bereizgarriak ziren hiriko baranda berdeekin ere, lehoi grisa eta urre koloreko koroa zutenekin.
Antzerako zerbait gertatu da saltokiekin ere, apenas dago alderik Bilboko Diego Lopez Harokoaren kale nagusian egon daitezkeen denden, Gasteizko Dato kalekoen ala Iruñeko Karlos III.a etorbidekoen artean. Ez bada Bilbon Arrese bonboi denda dagoela eta Daton Goya bonboi denda. Ostantzean multinazionalak eta frankiziak, berdin arropagintzan, ostalaritzan ala liburutegien barne erreformen diseinuan.
Kapitalismoak gure hiriak gero eta berdintsuago egiten ditu, merkatu globaleko mobiliario, lauza, iturri gris eta denda multinazional berdinak daude Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Bilbon
Halako fenomenoak sustatzeko, aldian-aldian kontinente ala mundu mailako leihaketetan parte hartzen dute hiriek. Orduan saiatzen dira gainontzekoen aldean diferentzia markatzen. 2012an Gasteiz Green Capital izan zen, handik ez askora, funtsean natibo gazte eta migratzaileek doan erabiltzen zituzten udalaren bizikletak desagertu ziren. 2016an Donostiaren kultur hiriburutza izan zen, azken hamarkadetan simulakro kultural bat egon bada Euskal Herrian, ziurrenik ohorezko tokian egongo zen ekitaldi hura, ala, bestela galdetuta, zer gehiago behar ote du 190.000 biztanleko Europako hiri batek Zinemaldiaz, Jazzaldiaz, Musika hamabostaldiaz gain. Ados, Danborrada bezalako egun ez oso esportagarria dauka baina, trukean, Fantasiazko eta beldurrezko zinemaren astea dauka, hori bai, tokitan daude 1990eko hamarkadan lau gaztetxeizatera iritsi zen eta 1936an anarkistak faxistei gailendu zitzaien hiri hura.

Iruñeari iritsi zaio txanda berriki. 2016ko Europako kultur hiriburutzaren lehia ezinezko hartatik Next Generation funtsetara iritsi da hiria. Eta irudi korporatibo berria proposatu dute, prozesu partehartzaileen garantia guztiekin, ordea, osatu den hiriaren kontakizuna (sic) tokitan dago Miguel Sanchez-Ostiz, Pablo Antoñana edota Iñigo Aranbarriren eleberrietako hiritik ala José Antonio Iturriren kronika laburretatik. Kontakizuna, prentsa idatziko zutabe laburren tamainakoa, inteligentzia artifizialak idatzia izan zitekeen, Iruñeko toki izenez gain bere burua aurrerazale saldu nahi duen edozein hiriren deskribapena jasotzen da webgunean bertan:
Iruña marka berria oso garrantzitsua da. Batez ere, Iruñeak bere buruari egiten dion kontakizuna da, eta munduari kontatu nahi diona. Iragana, oraina eta etorkizuna. Hiriari eta bertako jendeari buruz hitz egiteko balio du: geure erroei, historiari eta nortasunari buruz. Iruindar guztiek betidanik elkarrekin eraiki duten hori. Baina, era berean, balio du egunero egiten dugunaren balioa azpimarratzeko eta zer-nolako etorkizuna amesten dugun eta lortu nahi dugun pentsatzeko.
Fenomeno bikoitz eta kontrajarriak dilema gaitza uzten die hiriei: toki berezi bilakatzen ez badira desagertuko direla interpreta dezakete, aldi berean, mundu mailako lehia horrek berak hiltzen ditu. Bertol Brechten poema ezagunaren parafrasia eginez: hiri bat hiltzeko modu asko dago. Etengabeko jendearen zirkulazioa sustatzeko ehunka ortodontista elkartzeko topaketak antola daitezke zure hirian, ala ardo gorriaren astea, ala kongresu jauregi erraldoiak betetzen dituzten kontzertuak, ala kirol ekitaldi masiboak. Eta etxebizitzen alokairua nahibeste garestituko da, tokiko merkataritza txikia desagertzen joango da nahiz eta erakundeek bertara erostera joateko iragarkiak ordaindu hedabide pribatuetan. Eta hala, Venezia efektu bat gerta daiteke, XVII. mendean 141.625 biztanle izatetik, 1961 urtetik aurrera 137.150 biztanlera jeitsi zen, hamarkadaz hamarkada milaka biztanle galduz, 2014an 56.684ra iritsi arte.
Euskal Herria
Jon Urzelai Urbieta “El monopolio de Last Tour en Bilbao es inmenso y tiene mucho que ver con el modelo de ciudad”
Hiri gutxik jasan dute Veneziak adinako tokia literaturan, baina jende gutxi izan da Joseph Brodsky bezala, berezi izateak dakarren dekadentziaren edertasunaz kontziente:
Ur gainean bidaiatzeak, baita ibilbidea laburra denean ere, badu zerbait funtsezkoa. Jakinarazten zaizu ez zenukeela hor egon behar, ez hainbeste begi, belarri, sudur, aho sabai edo esku ahurren bidez, oinen bidez baizik, eta oinak arraro sentitzen dira zentzumen organo gisa jokatuz. Urak horizontaltasunaren printzipioa eztabaidan jartzen du, gauez batez ere, ur azalak zorua ematen duenean. Ez dio axolarik zein sendoa den oin azpian duzun ordezkoa —ontzigaina—, ur gainean lehorrean baino erneago zaude, prestuago dituzu zentzumenak. Ur gainean, esate baterako, ez zoaz kalean bezala arreta jarri gabe: hankek mantentzen zaituzte zu eta mantentzen dituzte zure zentzumenak oreka etengabean, konpas bat bazina bezala.
Ur-marka, Rikardo Arregiren itzulpena (Katakrak, 2022 Iruñea)
Ez ote den Brodskyrena gure hirien gaur egungo kontakizunak osatzeko aukera posibleetako bat. Azkenean batean, ustez Alfred Döblinen antipoda ideologikoetatik idazten zuen Brodskyk baina bien emaitza literarioek asko partekatzen dute: pertsonaiak hirien entitate erraldoian galtzen dira, txikitzen dira, zoratzen.
Onookome Okomek idatzi zuen bezala, azken batean, «Hirien garaian bizi gara. Hiria dena da guretzat, kontsumitzen gaitu eta horregatik gurtzen dugu».
