We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Iritzia
Aresti, komunismoa eta hatxearen afera euskaran

Hatxeaz edo komunismoaz idatzi daiteke Arestiren heriotzatik mende erdia bete den egunean. Dudarik ez, Arestik komunismoaren alde egin zuen, baita hatxearen alde ere. Hatxea instalatuta daramagu testu prozesatzaileen zuzentzaile eta hiztegietan, instalatuta eskuliburu eta HABEko azterketetan. Komunismoa instalatzeko dago, Arestik zentsurapean idatzitako irudi eta metaforetan murgilduta berreskuratu daiteke, eta poetaren gorazarre aseptikoen kontra jaurti. Instalatutako Aresti eta instalatzeko dagoen Aresti.
Instalatutakoaz jabetzeko nahikoa da Maldan behera (Euskaltzaindia, 1959) poema luzea garai berean idatzitako beste edozein testurekin alderatzea. Euskara hori familiarra egiten zaigu, Ibon Sarasolak esan zuen moduan, Arestik euskara batua existitu aurretik euskara batuaz idatzi zuelako. Euskaltzaindiak 1968an Arantzazuko Santutegian egin zuen biltzarrean ezarriko ziren euskara batu horren oinarriak. Aresti izan zen biltzar horren bultzatzaile eta hatxea txertatzearen aldeko euskaltzale nagusietako bat. Hatxea instalatu egin zen euskal ortografian, baina zalaparta izugarria sortu zuen honek. Zer lotu eta korapilatzen zuen hatxeak?
Belaunaldi berriak autonomia eta hausturaren bandera hartu zuen, hatxea sutsuki defendatuz, baina belaunaldi zaharrak euskararen galbidea ikusten zuen bertan, hatxearekin batera marxismoa eta ETA sartzen ziren euskara batuan
Hatxeak belaunaldi gazte bat lotzen zuen belaunaldi zaharraren kontra. Belaunaldi berriak hatxea sutsuki defendatzen zuen bitartean, autonomia eta hausturaren bandera, belaunaldi zaharrak euskararen galbidea ikusten zuen bertan, hatxearekin batera marxismoa eta ETA—grekera klasikoan hatxeri “eta” esaten omen zaiolako—sartzen ziren euskara batuan. Hautu ortografiko honek bi eredu kontrajartzen zituen.
Joxe Azurmendik gogoratzen zuen moduan, teologia eta filosofiari buruzko Jakin aldizkaria fundatu zutenean, ez zen berdina izango “arimiztia” ala “psikologia” hitza erabiltzea. Lehenengo hitza, orduan nagusi zen euskara garbian idatzita zegoen, bigarrena euskara mordoilotzat hartzen zen bitartean. Hautu batek eta besteak zituen inplikazioen jakitun, Arestik hatxez idazten zen euskara klaroaren alde egin zuen.
Hatxeak Leizarraga edo Axularren garaiko tradizioekin lotzen zuen euskara. Erreforma protestantearen alde zein kontra mobilizatu zen euskara eta horrek behartu zuen estandarizatzeko lehen saiakera batzuk egitera. Hain zuzen ere, Leizarragaren Itun Berria hartzen zuen Arestik euskaren iraultza humanistikoko aurrekari nagusitzat.
Euskal Herria
1975-2025 50 años recordando a Gabriel Aresti, una ventana de oportunidad para restituir su memoria
Hatxearen kontra, ordea, Azkueren gipuzkera osotua. Hain zuzen ere, Azkueren hiztegi sonatuan, hatxeari dagokion atalean ez dago letra honekin hasten den terminorik, letraren inguruko iruzkin luze bat baizik: “Letra hau gure alfabetoaren zazpigarren letra da, ez du soinu bat ordezkatzen zarata bat baizik, arnasaren zarata. (…) beti bizkarroi, kaltegarria inoiz ez, gogaikarria gehienetan, batzuetan erabilgarria.” Zarata baino gehiago egin zuen hatxeak.
Hatxeak lurraldeak lotzen zituen. Euskal lurralde amankomuna da hatxea, Hegoaldeko hiztunek ahoskatu barik igaro dezaketen letra mutua da, eta Iparraldeko hiztunak hasperen batean geratu daitezke bertan. Hatxearen kontra, oztopo bat zela, irakurketa eta idazketari enbarazu egiten ziola esaten zen, egun Euskaltzaindiaren azken momentuko erabakiek enbarazu egiten diguten modu berean.
Hatxeak idatzizkoarekin lotzen zuen euskara. Hatxearen alde egin zuen belaunaldiak idatzizkoari begiratzen zion bitartean, hatxearen kontrakoek ahozkoari begiratzen zioten. Arestiren belaunaldiak modu autodidaktan ikasi zuen euskara, Arestik euskarazko klasikoak liburutegian eskuz kopiatzen. Literatura unibertsala eta euskararen eskriturizazioa, ez da harritzekoa hatxea hain maite izatea: idatzian soilik atzeman daitekeen marka.
Eskriturizazio horretan gertatu ziren gehiegikeriak, gizon autodidakta horien pultsio unibertsalizatzaileak maiz ahaztu, lausotu egiten zutelako ahozkoari eta gorputzez gorputzeko euskararen zaintzaren lan anonimo eta aitortu gabea. Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek kritikatu dute Arestiren patriarkalismoa, Arestiren poemek gorputzak—norberarenak eta emazte-alabenak—jartzen zituen egiaren alde sakrifikatzeko gertu.
Aresti garaiko haustura ugariren protagonista izan zen, baita kolpe-zakua ere, komunismoa euskarara ekarri zuen, eta hatxearekin batera, euskara komunismora
Baina horretaz gain bilatu zituen hatxez jositako testu horiek gorpuzteko bitartekoak. Sagardotegietako bertsolariari aitortu zion lirika, euskara kultu eta, aldi berean, popular bat Harri eta Herrin ontzerakoan. “Poesia masen hezkuntzarako bitartekoa” zela sinesten zuen –eta hala adierazi zuen Triunfon bere heriotzaren ondoren argitaratu zuten elkarrizketan. Antzerkian saiatu zen ematen adierazpidea eta Oskorri taldearen musikan herritartu zen bere poesia.
Hatxea, edo komunismoaz. Laclau eta Mouffek gogorarazten dute nola “herria”, “proletalgoa”, “langileak” edo “hiritarrak” bezalako adierazle hutsak komunismoa eraikitzeko ezinbestekoa piezak diren. Hutsak dira ez daukatelako erreferente itxi eta behin betikorik, baina gaitasuna dute sakabanatuak ageri diren behar, kezka edo interesak batzeko. Hatxeak lotzeko gaitasuna izan zuen, letra hutsa, adierazle mutua edo hasperena da hatxea.
Komunismoa keinu txikienetan ere borrokatu egiten delako hatxearen alde ere borrokatu zuen Arestik, ortografiaraino. Hatxearen instalazioa, noski, saiakera kolektibo zabal baten ondorio izan zen, beste izen propio eta anonimo ugari jarri beharko genuke hor Arestirenarekin batera. Berea da aldaketa horiek kapitalizatzeko mobilizatu ohi den izena, bera izan zelako garaiko haustura ugariren protagonista, baita kolpe-zakua ere. Arestik komunismoa euskarara ekarri zuen, eta hatxearekin batera, euskara komunismora.