Gabriel Aresti omentzen arteak bateratuz

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo duen hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea.
Agiriak 1978 eta Gabriel Aresti ereindakoak 1975-2025
Susana Jodra Agiriak 1978 eta Gabriel Aresti ereindakoak 1975-2025

Arte Ederren Fakultatea, EHU - LAIDA, Literatura eta identitatea ikerketa taldeko kidea


27 ago 2025 05:19

Jakin badakigu Gabriel Arestiren idatziak eta poemak behin eta berriro argitaratuak izan direla, itzuliak izan direla, musika jarri zaiela eta inspirazio gisa erabili izan direla sorkuntza artistikoan, nazio eta nazioarte mailan. Bere garaiko sortzaile plastikoekin harreman hurbila izan zuen, Euskal Herriko jarduera kultural eta artistikoarekin hain zuzen ere. Artistak “aldaketa sozialerako” itxaropen bizia zirela uste zuen, bere Artistak, esperantza bizia poeman irakurri dezakegun bezala:

Rafael, ez Sanzio, Ruiz Balerdi
eta harekin
Oteitza Enbil,
Txillida Juantegi,
Ibarrola Goikoetxea,
Zumeta,
Mendiburu
Euzkadiko artistak
gure etorkizunaren esperantza bizia

LAIDA ikerketa taldeak Bermeoko Arrantzaleen museoan abuztuaren 28 eta 29 antolatutako ikastaroan egingo dudan hitzaldiaren sintesia da Arestiren ekarpen artistikoa nabarmentzea. 1967an Euskal Harria gauzatu zuen Agustín Ibarrolaren kolaborazioarekin. Poetak eta artistak 1961ean elkar ezagutu zuten, biak Bizkaiko Elkarte Artistikotik kanporatu zituztenean. Izatez, 1960an, Ibarrolak Estampa Popular de Vizcaya taldea sortu zuen–dagoeneko estatuko hainbat probintzietan existitzen ziren halako taldeak – Maria Dapena eta Dionisio Blancorekin batera, Bizkaiko Elkarte Artistikoa bultzatu nahian. Talde hori margolariek eta hainbat poetek osatzen zuten, Sabina De la Cruz, Vidal de Nicolás eta Gabriel Arestik, besteak beste.

Bakearen alde borrokatzen zuten, eta gerraren eta faxismoaren aurka agertzen zen mugimendu humanistiko eta politiko batekin identifikatzen ziren. Argitalpenak zentsuratu eta egunero atxiloketak gertatzen ziren testuinguru politiko errepresibo batean, haietako bakoitzaren adorea goraipatu behar dugu, nork bere baliabideak edo hizkuntzak erabiliz ahotsa altxatu baitzuten: abesten, idazten, margotzen, zizelkatzen, marrazten…

Euskal Harria liburua Gabriel Aresti eta Agustín Ibarrolan arteko elkarrizketa bateratua dela esan genezake, non bi hizkuntzak, literarioa eta plastikoa, poemak eta xilografiak, elkartu zituzten.

Ordutik aurrera adiskidetasun handiak elkartu zituen hainbat proiektutan elkarrekin lan eginez, nabarmenena aipatutako Euskal Harria izan zen, Harriaren zikloko bigarren liburua. Bi sortzaileen arteko elkarrizketa bateratua dela esan genezake, non bi hizkuntzak, literarioa eta plastikoa, poemak eta xilografiak, elkartu zituzten. Liburua beltzez estanpaturiko 11 xilografiarekin hasten da eta Arestiren poemekin jarraitzen du; poemak bezala hauek gehiago izan behar ziren, baina zentsuratuak izan ziren, azalekoa barne. Kritika sozial eta politikoz beteriko irudi indartsu eta adierazgarriak dira. Olerki bisualak dira, eta gure ustez Gabriel Arestik berak horrela ikusten zituen, liburua horiekin hasi eta ondoren bere lan propioarekin bateratzean.

Kosme de Barañanok El monólogo de Agustín Ibarrola contra el poder (1989) idatzian esaten zuen moduan, irudiak liburuaren prologoak dira, eta azken orrialdeetako aurkibidean edo “gertabidean” zerrendatuak azaltzen da xilografia bakoitza bere izenburua eta orrialdearekin. Azaleko irudia 1960ko xilografia baten zati bat zen, eta argitaratzeko moztu (zentsuratu) egin zen. Urte horretan hasi zen Ibarrola Paisajes de Euskadi seriearekin. Ibarrolaren hitzetan, paisaia erreala, geografikoa, politikoa, soziala, gizatiarra, nazio mailakoak eta euskal gizarte osoko eta bertako kulturako paisaiak biltzen dituzten paisaiak dira.

Aresti ez zen isiltzen, sinisten zuen hura defendatzen zuen bihotz handiko tipo zintzoa zen, beti ere mundu guztiaren iritzia entzuteko prest zegoena

1978an Javier Angulok Ibarrola ¿un pintor maldito? (Arte Vasco de Posguerra. 1950-1977) argitaratutako liburuan Ibarrolaren hitzak bildu zituen eta honek zioenez Aresti ez zen isiltzen, sinisten zuen hura defendatzen zuen bihotz handiko tipo zintzoa zen, beti ere mundu guztiaren iritzia entzuteko prest zegoena. Oso gizon sentibera eta sutsua zen, bere herria eta bere lurra maite zituena. Horregatik, Euskadin ematen zen errepresio faxistak edo burgesia nazionalistaren jardun negatiboak izugarri sumintzen zuten. Komunismotik eta marxismotik gertu kokatu bazen ere, Ibarrolaren ustez militatu izan balu ezin izango zukeen garatu hizkuntza-ikerketan, poesian eta antzerkian egin zuen lana; baina susmo horrek “poeta madarikatua” bihurtu zuen.

Aipatzekoa da Imanol kantautoreak 1975ean, diktadura frankistaren azken heriotza-zigorrekin kointzidituz, Parisen grabatu eta argitaratu zuen diskoa: Herriak ez du barkatuko. Lan honen azaleko irudia Euskal Harria liburuko La energía y el derecho/Indarra eta eskubidea” da (11. orr.); “gertabidean” izenburuak euskaraz azaltzen dira soilik.

Herriak ez du barkatuko Imanol Larzabal
'Herriak ez du barkatuko' (Imanol Larzabal, 1975)

Urte horretan Gabriel Aresti zendu zen. Azken agurra emateko Derioko hilerrian elkartu ziren adiskideek omenaldia egin behar zitzaiola erabaki zuten. Hasierako asmoa bere omenezko liburu bat osatzea eta orduan euskaraz idazten zuten poeta gazteen antologia bat eratzea izan zen. Proposamena luzatu eta jasotako erantzunak ikusirik, proiektua berbideratu zuten, eta zerbait handiagoa egiteko “edergarriak” behar zituztela ikusirik, artista plastikoei parte hartzea eskaini zitzaien.

Horretarako, garai hartan Euskaltzaindiako idazkaria zen Juan San Martinek eta Edorta Kortadik osatutako zerrendaz baliatu ziren, Rafael Ruiz Balerdi pintorearen laguntzarekin. Guztira, argitalpenean adierazten den bezala, “37 lan poetiko” eta “32 espresabide grafiko” bildu ziren, eta askatasun osoz egin zituzten ekarpenak artistek zein idazleek. Batzuk dagoeneko eginak zituzten lanak eskaini zituzten, beste batzuk omenaldirako lan propioak gauzatu zituzten, pertsona omenduz, bere lana omenduz… Hizkuntza anitz eta begirada anitz bildu zituzten. Liburua argitaratu ahal izateko Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren Probintzialaren diru laguntza izan zuten; izatez hitzarmena zuen Arestik erakunde horrekin Hiztegi arauemailea argitaratzeko. Aipatzekoa da nola sortzaileek egileen eskubideei uko egin zieten, Arestiren alargunari lagundu ahal izateko.

Horrela, 1978an argitaratu zen AGIRIAK, Euskal poetak eta artistak G. ARESTI-ren omenez. Liburuaren lehen orrialdeko aurkezpenean irakurri dezakegu: “Delako omenaldia Gabriel Arestiren pertsonalitateak bi ikuspegitik bereziki merezi du: Alde batetik bada garaia bere bizitza osoa Euskal Kultur Autoktonoaren zerbitzuan eman duela aitortzeko, eta beste aldetik ere, poesia berri bat gure Herrian sortu arazi duenaren oroimenez, bere sendiak Herri horren gorespena jasotzeko ordua da.”

“Lastima izan zen holako poeta eta holako langile bizkorra hain gazterik hiltzea. Bere heriotzarekin, euskal-literaturak, gure gizaldiko idazlerik hoberenetako bat galdu zuen” (Juan San Martin)

Juan San Martinek hitzaurrea honela bukatzen du: “Lastima izan zen holako poeta eta holako langile bizkorra hain gazterik hiltzea. Bere heriotzarekin, euskal-literaturak, gure gizaldiko idazlerik hoberenetako bat galdu zuen. Omenezko liburu honen bidez, ongi merezia zuenez, euskal poetak eta artistak bere izena goretsi nahi dute eta hemen dituzu AGIRIAK.”

Bertan, 33 artista plastikoen lanen irudiak bildu ziren eta 47 poeten ekarpenekin tartekatu ziren. Zuri-beltzezko erreprodukzioen kalitatea oso ona ez izan arren, bildutako artelanak askotarikoak izan ziren: marrazkiak, pinturak, grabatuak, collageak, frottageak, eskulturen argazkiak eta baita kontraste handiko argazkien bitartez eratutako poema kontzeptualak Edorta Kortadiren eskutik. Bertan daude Agustín Ibarrola, Vicente Larrea, José Gabriel Aguirre, Juan Jose Aquerreta, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Javier Arocena, Jose Luis Zumeta, Eduardo Chillida, Félix Beristain, Juan Mieg, Remigio Mendiburu… Rafael Ruiz Balerdi eta Dionisio Blancoren kasuetan, bakoitzak bere hizkuntza plastikoa erabiliz Arestiren erretratu ezagungarria aurkeztu zuten. Omenaldi horretan ez zuen emakume sortzaile batek ere parte hartu, ez poesia bilduman ez irudiekin.

Aurreko eredua jarraituz, aurten Gabriel Aresti zendu zenaren 50. urteurrena omentzeko liburu berri bat argitaratu da. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal ikasketen Gabriel Aresti Katedrak, Patxi Juarestiren koordinaziopean, Gabriel Arestik ereindakoak 1975-2025 izenburupean. Bertan idatzien bitartez ekarpenak egin dira, poesian edo prosan, ikerketa akademikoak, saiakerak, ipuinak… eta sorkuntza plastikoaren aldetik gure ikerketa lana iruditan gauzatu da. Kasu honetan, guztiak dira originalak, eta berariaz liburu honentzat gauzatu ziren 2024ean.

Irudien bildumaren koordinatzaile naizen aldetik, azpimarratu nahi nuke, hauek ez direla idatzietara egokitutako ilustrazioak, Arte Ederren Fakultateko Irudigintza Saileko 17 artista-ikerlari-irakasleek egindako ikerketatik eta hausnarketa pertsonaletatik eratorritako lan propioak baizik. Sortzaileak ditugu Alfonso Berroya, Myriam Gesalaga, Cristina Miranda de Almeida, Tania Quindós, Mikel Garate, Amparo Lozano, Lourdes de la Villa, Jose Carlos Torre, Borja Gómez, Eneritz Amondarain, Oihane Sánchez, Julen Agirre, Nerea Legarreta, Asier Aguayo, Unai Requejo, José Antonio Morlesín eta ni neu, Susana Jodra. Idatzien kasuan bezala baliabide desberdinak erabili ditugu: arkatzez egindako marrazkiak edo frottageak, Collagea, Letteringa, marrazkiak eta muntaia digitalak, argazkia, grabatua, komikia… Aniztasun aberasgarri horren baitan badirudi metafora bisual bat errepikatzen dela, HARRIA.

Nire aldetik liburu azalaren izatea azaldu nahiko nuke, azken finean hori da liburua aurkezterakoan ikusten dugun lehen gauza. Argazkiak liburuen bildumaren bitartez sorkuntza oparoa iradokitzen du, garai desberdinetan berreditatutakoak barne. Izenbururik gabeko zutabe irregularra baina egonkorra. Goian Arestiren begiek bere betaurreko adierazgarriekin begiratzen gaituzte, goitik behera, 2003an argitaratutako Jon Kortazarren El poeta Gabriel Aresti (1933-1975) liburuaren azaleko zati txiki bat, baina nahikoa. Argazki hori ez zen bat batean azaldu; izan ere, asmatu, eraldatu eta probatutako hainbat ideia eta frogen ondorio bat eta bakarra da. Bere zuzentasunean iradokitzailea eta aldi berean isila, liburua den edukigailua eta horren edukia harremanetan jartzen duena.

Poetaren jarduerak herri oso bateko jendearen aktibismoa bultzatu zuen, eta haren hitzek gaur egungo bidegabekerien eta gizarte-borroken adierazgarri izaten jarraitzen dute

Esaerak dio “inor ez dela profeta bere herrian”, Arestik zioenez “inor da profeta bere garaian”. Baina bere garaia igaro bada ere, bere hitzek mugak gaindituz iraun egiten dute. Poetaren jarduerak herri oso bateko jendearen aktibismoa bultzatu zuen, eta haren hitzek gaur egungo bidegabekerien eta gizarte-borroken adierazgarri izaten jarraitzen dute. Bere heriotza goiztiarrak, bere lanaren inpaktu sozial, kultural eta politikoak eta frankismoaren biktima gisa aitortu izanak, profeta ez ezik, martiri ere bihurtzen dute (zigortua eta seinalatua), eta horrek Santu Kultural gisa duen potentziala berresten du.

Marijan Dovic eta Jon Karl Helgason ikerlariek National Poets, cultural saints (2017) liburuan hiru parametro adierazi zituzten XIX. mendeko europar literaturgile eta artisten kanonizazio-gaitasuna ezartzeko: Vita, Cultus eta Effetus. Gure ustez Gabriel Aresti XX. mendeko Santu kulturala dugu. Bere lana eskoletan ikasi eta unibertsitate mailan ikertzen da (Gabriel Aresti Katedra, tesiak, liburuak…), Gabriel Aresti Kultur Elkarteak ibilbideak antolatzen ditu Bilbon zehar, bere bi olerkiak dauden bi monolitoak bisitatu egiten dira, bere lanaren irakurketa ekitaldiak antolatzen dira, bere jaiotze data urtero omentzen da.

Bere izena daramate Bilboko Euskaltegiak, ikastolek, institutuek, ipuin lehiaketek, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat herri eta hirietako kale, etorbide eta enparantzek; gure mugetatik kanpo, Lyoneko Cervantes Institutuan dago Gabriel Aresti liburutegia, poetaren lanen fondo propioa duena; edo Habanako Gabriel Aresti zaharberritze tailer-eskola, 1992an bertako ondare historikoa zaintzeko sortua. Bere bizitza, pertsona eta lana omentzeko formatu desberdinetako liburuak argitaratu dira, baita komikian ere. Esan bezala, eremu guztietako sortzaileek inspirazio-iturri gisa erabili dute beren obra oparoa, edo zuzenean berrinterpretatu dituzte. Berari esker dugu euskara batua. Bere lana, bere idatziak gureak egin ditugu, eta zenbait kasutan, hau jakin gabe kantatzen ditugu.

Aurten asko izan dira Gabriel Arestiren omenez egin diren eta egingo diren ekitaldiak, baina nire uste apalean egin diezaiokegun omenaldirik zintzoena da egunero gure artean euskaraz mintzatzea, bere poemak irakurtzea, abestea, antzeztea... Irabazitako eskubideak galtzea oso erraza da globalizazioaren garai honetan, eta ezin dugu ahaztu Euskara (Harria) hizkuntza minorizatua dela oraindik ere.

Euskal Herria
50 años recordando a Gabriel Aresti, una ventana de oportunidad para restituir su memoria
Cuando se cumple medio siglo de la muerte del escritor, se celebran innumerables actos para recordar su figura, lo que no debe hacerse “desde la lógica del consenso”.
Iritzia
Aresti leheneratzea euskal oroimen hegemonikoaren desaktibazio totemikoaren aurka
Arestiren diskurtso politikoa desaktibatua izan da, eta komunitatearen autoafirmazio postnazional eta autonomistaren sinbolo aseptiko eta desinfektatu gisa totem sinbolikoa bilakatu da.
Poesía
La poesía como un martillo, instrucciones de uso
Se cumplen 50 años desde que el poeta que creía en la poesía como el arte de dar martillazos dejó de darlos en vida. 2025, en honor a Gabriel Aresti, debe ser y es, de hecho, el Año Martillo.
Cargando valoraciones...
Comentar
Informar de un error
Es necesario tener cuenta y acceder a ella para poder hacer envíos. Regístrate. Entra en tu cuenta.

Relacionadas

Cargando relacionadas...
Cargando portadilla...
Comentarios

Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.

Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!

Cargando comentarios...