We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Euskera
Mailukadaren oihartzuna Arestiren ahotsan

Ekidak bederatzi artisten abestiak bildu ditu disko batean, Bigarrenez Aresti egitasmoaren baitan. Ez da omenaldi soila, ezta bilduma hutsa ere: Gabriel Arestiren berrirakurketa eta berreskuratze saiakera da. Poetaren heriotzaren urteurrenean aurkeztu zuten lana Bilboko Bira espazioan.
Disko hau ez da Arestiren itzalaren isla hutsa; haren ahotsa berriz entzunarazteko ahalegina da. Ez da ariketa nostalgiko bat, baizik eta interpelazio zuzena: zer esan nahi du gaur Gabriel Arestik? Oroimena ez da inoiz neutroa, eta disko hau ere ez da omenaldi zuritu bat. Borroka moduan ulertutako literatura baten soinua dakar.
Larraitz Ariznabarretak azaldu bezala, “oroimena sinbolizazio aktiboa da”, eta beti dago gaur egungo diskurtso hegemonikoen zerbitzura. Zentzu horretan, Arestiren figura totemizatu egin dela dio, haren diskurtso politikoa desaktibatuz. Baina Aresti ezin da oroimen desinfektatuan kokatu, ezta sinbolo aseptiko gisa aurkeztu ere. Disko honek bere memoria berreskuratzeko leihoa irekitzen du. Ekidak atondu duen lana entzutea, beraz, ez da soilik ariketa estetikoa: despolitizazioaren aurrean jarrera hartzea da.
Ez da ariketa nostalgiko bat, baizik eta interpelazio zuzena: zer esan nahi du gaur Gabriel Arestik?
Pasadan astean egindako aurkezpenean, entzute aktiboa izan zen ardatz. Bira gunea bete zuten guztiek abesti bakoitza entzun ahal izan zuten, eta, horiekin batera, Bigarrenez Aresti antzezlaneko irudiak proiektatu ziren. Abesti bakoitzaren ondoren, egileek haien lanaren gako nagusiak azaldu zituzten. Kanpoan geratu zirenek ere badute aukera dagoeneko: diskoa entzungai dago jada plataforma digitaletan.
Elene izan zen taularatzen lehena. Haren proposamena 60ko hamarkadako artistekin egindako elkarrizketa modukoa izan da, garai hartako hizkera eta moldeak hartuz. Langile eta burgesen arteko kontrajartzea —Arestiren obran etengabe ageri den gaia— jorratu du. Ondoren, Borla iruindar taldearen Egunen batean entzun zen, etorkizunari itxaropenez begiratzeko asmoz Arestiren olerki batean oinarrituta sortua.

J Martinak Emazurtz abestia zuzenean kantatu izan du lehenago, baina oraingoan folkloretik aldendu nahi izan dute, Oskorriren bertsio ezagunaren pisua gaindituz. Haien ustez, Arestiren irudia eskolan jasotzen den moduaren adibide da hori: folklorizatua eta despolitizatua. Abesti honekin, Arestiren beste aurpegi bat ezagutzeko eta beraiengan birpolitizatzeko aukera izan dute. “Zertarako aipatu Aresti klasean aipatu gabe klaseak?” diote Mateo Zikutak eta Celiék Aresti bars izeneko rap abestian, J Martinako Kattalin eta Anek botatakoarekin konexioan. Hori abiapuntu hartuta osatu dute pieza: idazlearen antologia eskuan, etxean irakurri eta azpimarratutako esaldiak josi dituzte, batzuk gaurkotu ere eginez. Ikerketan harrituta utzi zituen “janbo honen”, hau da, Arestiren gaitasuna bi esalditan egoera konplexuak aurkeztu eta interpretatzeko.
Berun taldeak Egia bat esateagatik musikatu du, egia eta gerra poesiaren oinarri gisa ulertuta. Mirotz talde gaztearentzat, berriz, Gaztearen ahoa izan da haien lehen kanta argitaratua, Arestiren Gizonaren ahoa olerkian oinarrituta. Taldeak argi du Arestik ‘gizona’ ez zuela ikuspegi abstraktu edo humanista batetik lantzen: langile esplotatu konkretu bat zen haren erreferentzia. Mirotzek gazteriari eskaini dio kanta, gaur egungo gazteek bizi duten zapalkuntza konkretua islatzeko.
Diskoak uko egiten dio Arestiren irudia sinbolo neutro eta aseptiko gisa aurkezteari
Rodeo talde stonerrak Arestiren beste dimentsio bat deskubritu du proiektu honi esker: instituzioek, eskolak eta mundu euskaltzaleak garbitu duten iruditik urrun dagoen Aresti bat. Diskoa, haientzat, justizia egiteko modu bat da. Nakar taldekoek Bilboko zimaurtegian lore bat aurkitu, eta hainbat olerki laburrekin osatu dute beren pieza. Taldeko Jokin Aspiazuk Arestiren presentzia espektrala azpimarratu du: mamu guztien modura, haren presentzia onartu behar da, baina ez dugu haren ahotsa soilik entzun; haren ikaspenak gaur egungoan aplikatzea da gakoa. Ez dute hilotzik aldarrikatu nahi. Azkena, Malakias izan da oholtzara igo dena. Forjarien kanta bere lurretara ekarri du. Eibarko abesti herrikoia da, Arestirena ez izan arren, poetaren garaiarekin eta ideologiekin lotura estua duelako hautatua.
Disko honen bidez, Arestiren mamuak itzuli dira. Oroimena ez da estatikoa, ezta sentimentalismo hutsa ere. Derridak Marx-i buruz esan zuen bezala, espektro bat da: etengabe agertu eta interpelatzen gaituena. Bigarrenez Aresti ez da oroimenari eskaintzen zaion ohiko ekitaldi hunkigarria; memoria-politika aktibo baten adierazpen artistikoa da. Diskoak uko egiten dio Arestiren irudia sinbolo neutro eta aseptiko gisa aurkezteari. Haren ahotsa berriz entzuteko saiakera da, haren itzala berriz gorpuztekoa. Espektro horrek, ordea, ez dakar bertute arin edo apaindurik; kontraesanak, tentsioak eta zauri irekien oroigarriak dakartza. Horregatik, diskoa entzutea ez da ariketa estetiko hutsa: memoria pasiboaren aurrean kolpe bat da, despolitizazioaren aurkako jarrera kontziente bat. Mailukada bat.