Opinión
Iruñea brutala eta klase borroka
Yanguas y Miranda kaletik alde zaharrera begiratzen bada, bi eraikin nabarmentzen dira: ezkerrean Iruñeko Udal Aurrezki Kutxarena zena, gaur egun udaleko bulegoak edo arkitektoen elkargo ofizialaren egoitza dituenak besteak beste; eskubian autobus geltoki zaharra dago, Geltoki izeneko ekonomia sozial eraldatzailearen topaleku, gainean udalarenak diren etxebizitza hutsak mantentzen dituena, bost atari eta hiru altuera. Biak dira hiriaren memoriaren arrastoak, bata Nafarroan dagoen arkitektura brutalistaren eredu gutxietako bat eta bestea 1936ko mugikortasunaren adibide izoztua. Biek ala biek borondate estetikoaren eredu garbi.
Bere modura, bi eraikinok haien estrukturetan itsatsita daramate hiriaren historiaren zati bat eta XX. mendean garatu den hirigintzaren zentzuaren aldaketaren eredu dira, hiriak bizitzeko toki izatetik esparru errentagarri izatera bilakatu ziren momentuaren adierazle bilakatuz. Ezkerreko eraikina aurrezki kutxen pribatizazioaren eredu ikonikoa da, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxaren egoitza izateko jaio zena, hustu egin zuten. Eskubikoa mantendu edo eraistearen beharraren inguruko eztabaida itxi gabe dago oraindik.
Iruñean klase herrikoien eta langile-hiriaren eraisketa sistematiko eta motela gertatzen ari da, memoriaren eta bestelako mundu baten aukeraren ezabaketa gauzatzen duena
Badira brutalismoaren barne semantika azaleratu eta basakeriaren arrastoa hirian barna azaltzen duten beste eraikin batzuk: Erorien monumentua, faxismoaren eraikin handienetako bat, Singular eraikina (brutalismo arrasto fisikoak dituena) edo Baluarte, Iruñeko Zabalgunearen eta hiriaren birika handienaren arteko hesia.
Balantzaren beste aldean klase herrikoien eta langile-hiriaren eraisketa sistematiko eta motela gertatzen ari da, memoriaren eta bestelako mundu baten aukeraren ezabaketa gauzatzen duena: Euskal Jai frontoia, ezaugarri modernistak zituen azpiegitura eta euskal kirolaren lekuko ikaragarria, gerora espazio okupatua eta kontrabotere-laborategia izan zena, 2004ko abuztuko egun gutxi batzuetan suntsitu zuten. Iruñeko espetxea, ordena soziala asaldatzen zuten pobreen etxe bilakatzen zena, eraistearen momentuan Espainiako hiri-espetxerik zaharrenetakoa zena; astebetean desagertu zen hondeamakinen azpian, 2012ko irailean. XX. mendeko hirian bizi ziren fabrika zaharrak, Imenasa edo El Pamplonica, ikonikoenak aipatzearren, arrastorik utzi gabe desagertu direnak.
Gaur egungo hiria klaseen arteko borrokaren emaitza da, eta indar korrelazio gero eta desorekatuagoaren ondorioak ikusgai uzten ditu, diruaren zerbitzura jartzen geroz eta gehiago
Gaur egungo hiria, aurreko garaietakoa bezala, klaseen arteko borrokaren emaitza da, eta 1989az geroztik, indar korrelazio gero eta desorekatuagoaren ondorioak ikusgai uzten ditu, diruaren zerbitzura jartzen geroz eta gehiago.
Horregatik ezin da hiri bat begiratu, pentsatu edo ordenatu hirigintza-plan partzialen bidez; eraikin berezien birgaitzetik, plazen eta pasealekuen berrantolaketekin edo tokiko merkataritza sustatzeko proposamenetik. Iruñea, Euskal Herriko eta Espainiako gainerako hiriak bezala, gero eta leku hobea da saltoki handiek eta multinazionalek negozioa egin dezaten. Etxebizitza eskuraezina, soldata txikiak, hezkuntza publikoaren ahultzea.
Kapitalak ukabilkada gobernatzen du gure hirietan, proposamen sozial eta gobernu progreen porrotaren adierazle garbia. Hiria da gaur, atzo bezala, klase borrokaren toki, beraz Inditex berri bat irekitzen den aldiro, porrot bat da.
Urbanismo
Gure hirien eraiste neurtuaz
Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.
Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!