We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Iritzia
“Zaurgarritasun Indizea” da Jaurlaritzak nahi duena egiteko koartada

Udaberriko oporren atarian egunkarietan Begoña Pedrosak eman zigun titularra: Ordiziak ez du desorekei aurre egiteko plan berezirik behar. Zaurgarritasun-indizearen erabilerak eta matrikulazio biziaren kudeaketak egoera ikaragarri hobetu omen du. Saiatu gara ulertzen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ondorio horiek nola lortu dituen, gure eskolako jolaslekuan eta geletan ez baita panorama aldatu.
2024-2025eko matrikulazio datuak aztertzen dituen Hezkuntza Sailaren txostena hartu dugu eskutan. Ahozabalik utzi gaituzte bertan azaldutako datuek, datu demografikoekin eta errealitatearekin kontraesan nabarmenean baitaude. Txostenaren arabera, Euskal Herrian immigrazio tasarik altuena duen herrian (% 20,5) eta azken urteetan tasa hori etengabe gora egiten ari den arren, herriko errealitatea goitik behera aldatu omen da. Zaurgarritasun indizea ikasturte bakarrean 23 puntutan jaitsi omen da eremuan. Gure eskolan, berriz, % 51,06tik % 12,24ra: 39 puntuko jaitsiera. Desoreka desagertu soilik ez, Hezkuntza Sailaren arabera, ikastolak egoera zaurgarrian dauden familietako ikasle gehiago eskolaratu ditu Haur Hezkuntzako 2 urteko geletan.
Jaurlaritzak erabiltzen duen zaurgarritasun indizeak ez du sinesgarritasunik ezta fidagarritasunik ere ez
Hezkuntza Sailak dioenaren arabera, bere kudeaketa apartari esker lortu da oreka hori. Zehazki, inongo neurririk aplikatu gabe. Akaso, 2023-2024an gure eskolari 2 matrikulazio plazak kentzeaz damututa, nork daki. Nola da posible harturiko neurrien balorazio oso ona egitea, ia mugimendurik egin ez badu eta egin dituenak eskola publikoa kaltetu badute?
Egia da azken urteotan eskola publikoaren komunitate osoak lan bikaina egin duela, eta matrikulazio datu onak lortu ditugula, familien jatorria, euskararen ezagutza eta egoera sozioekonomikoa orekatuagoak izanik. Hala ere, nola da posible Eusko Jaurlaritzak gure zaurgarritasun indizea %12koa dela esatea? Nahikoa litzateke gure eskolara gerturatu eta galdera gutxi batzuk egitea egia ez dela jakiteko eta Jaurlaritzak erabiltzen duen zaurgarritasun indizeak sinesgarritasun eta fidagarritasunik ez duela argi ikusteko.
2025-2026ko matrikulazio datuei begiratuz gero, Eskola Publikoan matrikulatzeko eskaera egin duten familien % 68ak jatorria atzerrian du eta familien % 83ak ez du euskara ezagutzarik. Egoera sozioekonomiko zailean dauden familietako ikasle gehienek Eskola Publikoan eman dute izena. Baina, azken datuak horiek izanda ere, Eusko Jaurlaritzak dio zaurgarritasun indizea soilik % 24,39koa dela; eta Ordizia eremukoa, berriz, % 17,44koa.
Lanaren Ekonomia
Lanaren Ekonomia Itunpeko eskolen gainkontzertazioaren aurka eta hezkuntza publikoaren aldeko borroka
Erabat eztabaidagarria den zaurgarritasuna neurtzeko Jaurlaritzaren indizeak dioena dioela, eskuragarri dauden eta kontrastatu daitezkeen datu objektiboek erakusten dute Ordizian desoreka oso handiak direla. Eusko Jaurlaritzak modu orokorrean hartu dituen neurriak eta orain arte harturiko erabakiak ez dira nahikoak izan Ordiziako desoreka bideratzeko.
Gure herrian eta antzeko egoeran dauden herri eta auzoetan premiazkoak dira desoreka hauek modu esanguratsuan gutxitzeko esku-hartze bereziak, ikasleak familien jatorriaren, euskara ezagutzaren edo egoera sozioekonomikoaren arabera modu orekatuan banatuz. Posible den heinean, ikastetxea aukeratzeko familien askatasuna kontuan hartzea komeni da, baina herriko orekaren gainetik jarri gabe. Neurri hauek ezinbestekoak ditugu herriko aniztasuna modu aberasgarrian bizitzeko eta elkarbizitza, berdintasuna, justizia soziala, inklusioa eta euskalduntzea bultzatzeko.
Hezkuntza Sailak neurri zehatzak hartu ezen, desoreka eta tentsioa betikotzea besterik ez dugu lortuko, urteroko matrikulazio lehia eta gatazka eraginez
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari dagokio neurri zehatzak hartzea, eta udalek, alderdi politikoek eta beste eragileek ere lagundu beharko lukete bide horretan. Bestela, desoreka eta tentsioa betikotzea besterik ez dugu lortuko, urteroko matrikulazio lehia eta gatazka eraginez. Ez dugu hori nahi, ez eskola publikoarentzat, ezta Ordiziarentzat ere.
Herriko ikastetxeen egonkortasuna eta ikasleen banaketa orekatuagoa bermatuko duen plana behar dugu. Bada garaia horretarako.