Euskera
“Nik ez dut nahi euskaldun perfektuen ghetto bat, euskara gizartean ahalik eta zabalduena egotea baizik”

Euskara ikasten ari diren milaka pertsona daude une honetan murgilduta, deialdi irekian zein euskaltegien bidezkoan, HABEk deitutako euskara-mailak egiaztatzeko udaberriko azterketa-deialdian. Udazkenean beste milaka batzuek gainditu beharko dute proba bikoitza —idazmen-proba aurrena, mintzamenekoa zenbait asteren buruan— euren euskara maila egiaztatuko duen agiri ofiziala lortu ahal izateko.
Iazko udazkeneko azterketen atarian, 'Euskara denontzat, por un euskera sin barreras' kolektiboak gonbidatuta, areto erraldoietan ehunka ikasle biltzen dituzten azterketa bateratuen desegokitasuna nabarmendu eta arrazoitu zuen, besteak beste, Joseba Erkizia Itoitzek (Andoain, 1958). Horren ordez, ebaluazio jarraitua hobetsi zuen, eta zertifikazioa euskaltegietara eramatea proposatu. Ibilbide profesionala itzulpengintzaren alorrean burutu duen Erkiziak ondotxo daki zertaz ari den, 2005etik 2017ra bitartean birritan izan baitzen HABEren zuzendari nagusi.
'Euskara denontzat' kolektiboaren lehen ekitaldi publikoaren baitan egin zenuen ekarpenak eman zuen zeresana. Zein izan zen hitzaldiaren muina?
Euskararen sustapenaren barruan helduen euskalduntzeari garrantzi handia ematen diot, eta 'Euskara denontzat' plataformakoek deitu nindutenean gai honi buruz hitzaldi bat ematera pozik hartu nuen gonbidapena, uste dudalako helduen euskalduntzearen alorrean azterketa-eredua pendiente dagoen gai bat dela, eta iruditzen zaidalako horren inguruko gogoeta bultzatu egin beharko litzatekeela. Azaldu nuen zergatik ematen diodan garrantzia euskaltegien zerbitzuari, eta saiatu nintzen sostengu teknikoa ematen proposamenari, ez dezan inork pentsa errazkeriagatik gabiltzala ebaluazio jarraitua proposatzen, alegia, denek aprobatzea dela xedea. Azterketa-eredua aldatzeak eskakizuna apaldu dezakeela kritikatu dute zenbaitek, baina nire proposamena ez dator horretara.
“Ebaluazio jarraituaren aldean, egun bakarreko azterketek gehiegi baldintzatzen dute ikaste-prozesua”
Zertara dator, zehazki?
Lehenik eta behin, helduen euskalduntzearen garrantzia nabarmentzera. Euskarak duen egoera soziolinguistikoarekin eta populazioak duen mugikortasunarekin, etorkizunean ere zeregin oso-oso garrantzitsua eduki beharko du, funtsezkoa, euskarak aurrera egiten jarraituko badu. Euskararen biziberritze plan guztietan, euskararen agenda estrategiko guztietan, ezagutzaren edo gaitasunaren arloan hiru hanka aipatu izan dira beti: familia bidezko transmisioa, hezkuntza sistema eta helduen euskalduntzea. Hiru horiek gabe ezin izango dugu modu orekatuan aurrera egiten jarraitu. EAEk euskararen inguruan sortu duen legediak ere hartzen du aintzat helduen euskalduntzea 1982ko Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legean; 1983an HABE sortu zuenean; 2013an, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoan... Beraz, hori guztia kontuan hartuta azpimarratzen dudana da gai estrategikoa dela, euskaltegietan eskaintzen den euskara ikasteko aukera zerbitzu publiko oinarri-oinarrizkoa dela, eta nire ustez globala, integrala eta zirkularra beharko lukeela izan, hasi eta bukatu. Ikuspegi horretatik, absurdoa da leku batean ikastea eta zertifikazioa egitera beste leku batzuetara joatea.
Azterketa horiek egiten diren lekuak behar berrietara egokitzeko sortutako azpiegitura handiak dira. Zuk diozu, berriz, azterketa- eta ebaluazio-eredua ez zaiela behar bezainbeste egokitzen HABE sortu zenez geroztik gizartean izan diren aldaketei.
Hori da. Funtsean, azterketa-eredua ez da aldatu, nahiz eta gaur egun ikuspegi komunikatibo nabariagoa duen, baina gizartea ikaragarri aldatu da. Orduko eta gaurko ikasleen ezaugarriak eta motibazioa oso desberdinak dira; bizimoduetan eta ikasteko denboretan ere aldaketa handiak izan dira, baita ikaskuntzaren eta irakaskuntzaren xedeetan ere. Azterketa-ereduak aldaketa horietara guztietara egokitu behar dira. 2001ean aurkeztu zen Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuaren zein marko hori aintzat hartzen duen 2015eko HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren (HEOC) ardatza komunikazio-ekintza da. Ikasi behar da erabiltzeko, eta ez jakiteko; jakin behar da erabiltzen, ez jakin jakiteagatik. Helburu komunikatiboa lehenesteak ikasteko eta irakasteko ereduak aldatu egin ditu Europa osoan, baina, hala eta guztiz ere, hemen egun bakarreko azterketa puntuala gainditu behar izatea baldintza da egiaztagiria eskuratzeko. Eta, nire ustez, azterketa eredu horiek gehiegi baldintzatzen dute ikas-prozesua, zorionez azterketa-edukietan gauzak asko aldatu badira ere.
“Helduen euskalduntzearen alorrean azterketa-eredua pendiente dagoen gai bat da. Horren inguruko gogoeta bultzatu beharko litzateke”
Aldaketa esanguratsuenak zein izan dira?
Azterketa-ereduetan ikuspegi komunikatiboa nagusitu da, eta hori onerako aldaketa handia izan da. Hala ere, bi ebaluazio eredu daude kontrajarrita. Europako Erreferentzia Markoak ebaluatzeko modu asko aipatzen ditu, eta ebaluazio zertifikatiboaren barruan —bestea ebaluazio didaktikoa da— aintzat hartzen ditu, besteak beste, azterketa bakarrak. Esaten du egokiak izan daitezkeela neurtzeko une jakin batean hizkuntza hori erabiltzeko daukazun gaitasuna, baina esaten du, aldi berean, ikasle mota jakin batzuentzat eragozpenak dituela, dena partida bakarrera jokatzen duzulako eta, neurri batean, emaitza zoriaren arabekoa ere bilaka daitekeelako. Zer esaten du, berriz, ebaluazio jarraituaz? Egokia dela ikusteko ikaslea izaten ari den aurrerabidea; balio duela norberaren sormena, ahalmena eta ezaugarriak hobeto erakusteko, ikaslea ebaluatua izaten ari delako bere ikas-testuinguruan. Hezkuntza munduan hori ez du inork zalantzan jartzen gaur egun. 1970ko Hezkuntza Legetik hasita, Espainiako lege guztietan ebaluazio jarraituari ematen zaio pisu handia, eta ikastetxe bakoitzaren esku dago ikaslearen ahalmena zertifikatzea.
Anakronismotzat joko zenituzke, hortaz, euskararen ezagutza egiaztagiriak lortzeko bide nagusia diren azterketa masiboak?
Dudarik gabe. Nik neronek batxilergoa egin nuen eskola batean, baina titulua lortzeko azterketa egitera joan behar izaten genuen Donostiako beste batera, eta bi egunetan jokatzen genuen batxilergoko ikasturte osoa. Hezkuntza arautuan, gaur egun hori sinestezina da, onartezina. Euskaltegietarako planteatzen dudan pauso hau orain dela 50 urte eman zen eskoletan. Ez dira urte gutxi.
Proposamen hori txertagarria da gaur egun HABEk eta euskaltegiek dituzten arduretan eta egitekoen banaketan?
HABE eta euskaltegien arteko lotura azaltzeko egokia izan daiteke esatea HABE dela euskaltegientzat Hezkuntza Saila dena eskolentzat. HABEk ezartzen du curriculuma, homologatzen ditu euskaltegiak, horretarako behar dituzten baldintzak finkatuz eta betetzen dituztela ziurtatuz... Hain egitura arautua izanda, nik uste dut oinarri sendoa dagoela pauso hau eman ahal izateko. Esan bezala, gaur egun euskaltegi publiko eta homologatu guztietan indarrean dagoen curriculuma HABErena da, Europako Markoa osorik euskarara egokitu zuen lehena. Administrazio publikoaren beharrengatik, hemen baloratu izan dira lau hizkuntza-eskakizun, lau altuenak, baina Europako Markoak sei mailako eskala ezartzen du, eta HABEren 2015eko curriculumean apalenak ere, A1 eta A2, definitituta gelditu ziren. Gainera, Markoa euskararen egoerara soziolinguistikora ere egokitu zuen HEOCak. Izan ere, sei maila horiez aparte mailatik mailara tarteko azpimailak definitu zituen, euskarako ikasle helduen eboluzioa nolakoa zen ikusita. Hizkuntza guztietan ez dira beti lau trebetasunak (mintzamena, idazmena, ulermena eta irakurmena) berdin eskuratzen joaten. Euskararen kasuan, helduen artean konprobatuta dago oro har mailatik mailarako trantsizioan jendeak aurrera egiten duela errazago trebetasun hartzaileetan ekoizleetan baino. Curriculumak ezartzen ditu ebaluazio irizpide oso zehatzak, azpimaila horien arabera definituta daudenak. Lau trebetasun nagusiak ongi definitzeko, deskriptore zehatzak ditu HEOCak, hizkuntzen ebaluaziorako nazioartean erabili ohi diren irizpideetan oinarrituta; egokitasuna, koherentzia eta kohesioa, jariotasuna, aberastasuna eta zuzentasuna. Beraz, gaur egun, ikasle baten ebaluazioa egiteko tresna tekniko izugarri egokia dute euskaltegiek.
“Prest egon behar dugu egon dadin gure gizartean jende andana euskaraz maila apalagoa izan arren ekarpen handia egin dezakeena”
Maila euskaltegiak ziurtatzeak eta HABEk horren araberako egiaztagiri ofiziala emateak ez luke ekarriko, zenbaitek ohartarazi duten moduan, eskakizuna apaltzea?
Hau ez da inprobisazio bat, ez du zerikusirik maila apaltzearekin. Proposamen honek lortu nahi du, Eusko Jaurlaritzak eta HABEk homologatua den zentroak zerbitzu osoa ematea herritarrari, batez ere garrantzia emanez ikaste-prozesuari, prozesu hori ez dezan baldintzatu ondoren etorriko den azterketa batek. Esan bezala, xedea da ikaslea atera dadin zentrotik zerbitzu osoa jasota, hasi eta buka: ikasita eta zertifikatuta. Argudio horrek berdin-berdin balioko luke ebaluazio jarraitua eskoletan baztertzeko, baina hori ez du inork planteatzen, behinolako Wert izeneko ministro ohi kontserbadore hartatik kanpora. Irakaskuntza mundua, unibertsitatea, bide horretatik doaz. Zergatik helduen euskalduntzea ez?
“Ikasleak irten beharko luke euskaltegitik zerbitzu osoa jasota, hasi eta buka: ikasita eta zertifikatuta”
Ebaluazio jarraituaren bideari ekin zitzaion, baina eten egin zen.
Bai, 2016-17 ikasturtean jarri zen martxan A1, A2 eta B1 mailetan, eta aurreikusi zen lau urteko epean C2raino iristea. Euskaltegietako ordezkariekin adostu zen, hain zuzen, prozesua horrela egitea. HABEko zuzendari gisa, prozesu hartan bete-betean ibili nintzen, eta asko eskertu nuen erabakia adostuta hartu izana, bazeudelako zalantzak, erresistentziak eta beldurrak.
Iraun zuen bitartean, nola funtzionatu zuen sistemak?
Berme guztiak izan zituen ebaluazio jarraituak. Martxan egon zen urte haietan ikastaroan zehar ebaluazio bat egiten zen hasieran, beste bat edo bi tartean -ikastaroaren iraupenaren arabera- eta beste bat bukaeran. Eboluzio horretan joaten zen baloratzen ikaslea, eta amaierako ebaluazioa gainditzen bazuen ontzat ematen zen maila hori gainditua zuela eta, beraz, balio ofizial osoko agiria eskuratzen zuen, HABErena. Handik hiru urtera atzera egin zen, ordea, eta erdibidean geratu zen prozesua. Momentu honetan, ebaluazio jarraituaren bidez zertifikatzen dira A1 eta A2. Aldiz, B1etik gora, euskaltegiek zertifikatzen dituzte trebetasun hartzaileak —entzumena eta irakurmena—, eta azterketa bateratuetan ebaluatzen dira trebetasun ekoizleak; hau da, idazmena eta mintzamena.
Zergatik ez zuen aurrera egin saioak?
Agian ez dagokit niri erantzutea, baina uste dut alde batetik egon zirela kanpoko erresistentziak eta presioak prozesuak ez zezan aurrera egin, eta barrukoak ere bai. Horrelako kezka eta presioak beste gai batzuetan ere egon dira. Esate baterako, 2010ean euskararen jakite-maila egiaztatzen zuten titulu eta ziurtagiriak Europako Marko Bateratuarekin parekatu eta baliokidetu zirenean, edo 2012n hezkuntzarako salbuespen dekretua etorri zenean. Azken horren bidez, hezkuntza ofizialean D edo B ereduetan ikasitako ikasleari aitortza egiten zaio eta salbuesten da halako eta halako agiria aurkeztu behar izatetik. Oro har, DBH euskaraz egin badu B1 daukala esan daiteke; batxilergoari B2a dagokio eta karrera unibertsitario bat nagusiki euskaraz egin duenak C1aren salbuespena dauka. Karrera jakin batzuetan, edo doktoretza tesia euskaraz eginez gero, C2a dute salbuetsia. Horrek ere kritika zorrotzak izan zituen, esan zen maila jaitsiko zuela, jendeari aitortuko zitzaiola ez zeukan maila bat... Zer gertatu da geroztik? Izan da hekatonberik? Nik uste dut jendeari zerbitzu hobea eman zaiola, eta aitortza hobea ere bai.
Mota horretako urratsek pizten dituzten errezeloak zeri egozten dizkiozu?
Uste dut badagoela euskara eta hizkuntza ikusteko modu jakin bat. Euskara da gure kultur ondare garrantzitsuena, baina komunikazio tresna bat ere bada, bi alderdiak ditu. Nik uste dut euskaltzaleok oso argi eduki behar dugula, nik euskaltzale gisa oso argi daukat, benetan nahi badugu euskara gizarte osoaren hizkuntza izatea, sinesten badugu euskarak izan behar duela ahalik eta herritar gehienen hizkuntza, ezinbestekoa dela aurreiritzi asko zokoan uztea; euskararen perfekzioari buruz gutxiago hitz egitea eta euskaraz gehiago egitea, euskararen erabilera gehixeago baloratzea. Ikuspegi hori galtzen badugu, eta hizkuntza salbatu beharra bihurtzen badugu gure misio, orduan nahiko dugu langa oso altu jarri, oso zurrun jokatu. Gaztelaniaren eta euskararen arteko distantzia linguistikoa handia denez, erraz irudituko zaigu eskasa euskara maila, eta nik uste dut hori akats bat dela euskararen aurrerabiderako. Aurrera egiten jarraitu nahi badugu, helduen euskalduntze eta alfabetatzean herritarrari alfonbra jarri behar zaio euskaltegira iristeko; erraztasunak eman behar zaizkio; akatsaren aurrean, animatu eta ez zigortu; aintzat hartu egiten duen esfortzua, eta balioetsi lortzen duen komunikazio maila, gaitasun maila hori hobetzen joan dadin, beti ikuspegi positibotik. Oso zaila da bigarren edo hirugarren hizkuntza gisa ikasitakoa lehenengoaren parekoa izatera iristea. Gehienok dugu esperientzia hori, eta ondorio soziolinguistikoak ere baditu, jakina. Logikoa da hiztunaren lehen hizkuntzaren eta bigarren hizkuntzaren artean alde nabarmena egotea, erraztasunari eta erabilerari eragiten dion alde hori egotea, Halaxe gertatzen da gurean ere, eta ez bakarrik euskara heldutan ikasi dutenen artean, gizarteko talde elebidunik handiena osatzen duten gazteen artean ere gertatzen baita. Ez genuke beti errealitate horren irakurketa negatiboa egin beharko. Euskarak aurrera egingo badu, prest egon behar dugu gure gizartean jende andana egon dadin euskaraz maila apalagoa izan arren euskarari ekarpen handia egin diezaiokeena.

Hori berbideratu egin beharko litzateke, edo sustatu?
Sustatu egin behar da, sustatu den bezala familiaren eta eskolaren bidezko transmisioa. Garbi eduki behar dugu guregana jende heldu asko etorri dela, eta era askotako eginkizun anitz betetzera etorriko dela. Bada, jende horri euskara bere egin dezan aukera ahalik eta erosoena eman behar diogu. Horietako asko eta asko ez dira iritsiko maila aurreratu bat izatera euskaraz, baina horien ekarpenik gabe euskarak nekez egingo luke aurrera. Nik ez dut nahi euskaldun perfektuen ghetto bat izatea, non oso ondo biziko naizen nire ingurukoekin. Nik nahi dudana da euskara gizartean ahalik eta zabalduena egotea, jakinda beti egongo dela kopuru handi bat izango dena ia euskal hiztuna, ulertzen duena baina hitz egitea gehiago kostatzen zaiona. Era askotako profilak egongo dira. Niretzat hori positiboa da, eta ez badugu onartzen ariko gara euskararen hazkundea sektore jakin batzuetara mugatzen, ez gizarte osora hedatzen.
Helduen euskalduntzeak ere doitu beharko du bere eskaintza.
Jakina, eta ari da. Proposamen honek, azken batean, planteatzen du euskaltegiak sendotzea eta zentral bihurtzea berriz ere euskararen sustapenean. Askotan esan izan da hezkuntza sistemak aurrera egin ahala ikasle gutxiago iritsiko direla euskaltegietara, baina errealitatea egoskor samarra da eta maila guztietako 30.000 ikasle inguru dabiltza euskaltegietan urtero. Gerora begira ere ibiliko dira, eta euskaltegiek kontuan izan beharko dituzte horien guztien beharrak, maila altuetakoenak zein maila apalenetan daudenenak. Izan ere, gizartean integratzen laguntzeko edota zenbait lanetan aritzeko ez da beti behar izugarrizko maila aurreratua, hainbat testuingurutan nahia izan daiteke oinarrizko gaitasun bat, elkarrizketa arruntetan eta eguneroko egoeretan euskara aritzeko adinakoa. Hortik aurrera, erabileran blaitzeak, integratzeak, emango die gaitasuna. Gizarte-kohesioaren eta bizikidetzaren aldetik ere oso aberasgarria izan liteke. Hori paradigma aldaketa bat da, eta uste dut ez dugula ondo barneratu. Edonola ere, Europako Markoa edo HABEren curriculuma begiratuz gero ez da B2 edo C1 mailarik behar euskal hiztun kontsideratzeko. Nik esango nuke Markoaren esparruan eta definizioan B1 antzeko bat izan daitekeela hiztun berriaren mugarria. Horregatik, horraino edo maila apalagoetaraino iristeko ahaleginak erraztu, sustatu eta txalotu egin behar dira, prejuizioak alde batera utzita.
“Ikusteko dago nola aterako den Eusko Jaurlaritza lantzen ari den administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretua, baina iritsi zaizkidan zenbait apunte interesgarriak iruditu zaizkit”
Planteamendu horretan, norainoko garrantzia ematen diozu doakotasunari?
Doakotasuna klabea da. Gaur egun dagoen eredua emaitzetara baldintzatuta dago, maila jakin bat eskuratzen duen ikasleak errekuperatzen du egindako gastu osoa, baina doakotasuna ez dauka bermatuta hasieratik. Eredu hau alda liteke, baina eusten bazaio zertifikazioa euskaltegira eramanda, hobeto aplikatu daiteke azterketa orokor horietara eramanda baino. Esate baterako, dirulaguntzei begira, A1eta A2 mailen eta B1 eta B2 mailen gastua berreskuratzeko gaur egun ez da behar HABEren azterketa gainditzea, nahikoa da euskaltegiaren ebaluazioa. Berehalakotasun handiagoa lekarke, horretarako ere, zertifikazioa bere osoan euskaltegietara eramateak
Zertifikazioaren arloan proposatzen dituzun egokitzapenak zabaldu daitezke hizkuntza eskakizunetara, edo arlo desberdinak dira, batez ere administrazioei dagokienean?
Esan beharrik ez dago hizkuntza-eskakizunen sistemaren alde nagoela, uste dudalako administrazio publikoari onura asko ekarri dizkiola. Funtzionario publikoak oro har prestatuta egon behar du herritarra euskaraz edo gaztelaniaz atenditzeko, herritarraren aukeraren arabera. Administrazioa herritar guztien zerbitzura dagoen erakundea denez eta herritarren hizkuntza-hautua erabat errespetatzeko obligazioa duenez, inportanteena da ondo asmatzea zein postu bete behar diren funtzionario elebidunez eta zer mailako hizkuntza gaitasuna eskatu behar zaien kasuan kasu, betiere l betetzen duten eginkizunarekin lotuta eta, bereziki, herritarrei ematen dieten zerbitzuarekin. Egia da epaitegietan hainbat epai negatibo atera direla zentzu horretan, baina oinarria ezin da inoiz ahaztu, eta bistakoa da hizkuntzaren aldetik funtzionario publiko izateak Donostian, Barakaldon edo Tolosan ezin duela izan Cuencan funtzionario publiko izatea bezala. Herritarren zerbitzura dagoen erakundea denez, administrazio publikoak, edozein administrazio publikok, bermatu egin behar du herritarrak euskaraz atenditua izateko duen eskubidea. Printzipio hori salbu utzita, funtsa kuestionatu gabe, horren kudeaketa egokia egin behar da. Hemen kontua ez da dena edo ezer ere ez planteatzea, baizik eta arrazoiz jokatzea. EAEri dagokionez, Eusko Jaurlaritza administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretu berria lantzen ari da. Ikusteko dago nola aterako den, baina iritsi zaizkidan zenbait apunte interesgarriak iruditu zaizkit, hala nola A1 eta A2 mailak profil linguistiko bilakatzea, B1era bitarteko hutsune luzea betetzeko aukera eskainiz, edo gaitasunak modu asimetrikoan eskatu ahal izatea —ahozkotasunean gaitasun batzuk eta idazmenean beste batzuk, esaterako—, lanpostuaren ezaugarrien arabera. Nire ustez, euskal hezkuntza sistemak berrogei urteetan metatu duen esperientzia ikusita, funtsezkoa izango litzateke, oro har, lanpostu publikoei esleitutako hizkuntza-eskakizunak ikasketa ofizialek eskaintzen duten hizkuntza-gaitasunarekin bat etortzea, betiere lanpostu bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanda, jakina. Normalizaziorako pauso horrek hizkuntza-eskakizunen kudeaketa samurtu lezake, eta aukera eman lezake baita ere ikas-prozesuaren eta hizkuntza eskakizunaren arteko lotura errazteko.
Euskera
'Euskara denontzat' propone reformar el sistema lingüístico vasco
Euskera
'Euskara denontzat' propone reformar el sistema lingüístico vasco
Euskera
La hegemonía educativa del euskera
Relacionadas
Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.
Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!