We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Educación
Disziplina eta autoritatea hezkuntzan
Anarkokapitalisten eta ultraliberalen antzera, ezkertiar asko Estatuaren kontra daude. Ez Estatu konkretu honen edo haren kontra, baizik Estatu ororen aurka. Estatua botere- egitura gisa ikusten dute eta, eurentzat, politika ezkertiarraren helburuak ez du izan behar boterea eskuratzea; botere oro disolbatzea bilatzen dute (hori posible balitz bezala) halabeharrez zapaltzailea delakoan. Jule Goikoetxeak ezkerraren Estatufobia esapidea erabiltzen du hori ikusarazteko. Baina, beste ezkertiar batzuen ustez, Estatu-egiturarik ez dagoenean mafiak ugaritzen dira eta ezartzen dituzte arauak. Huts egindako Estatuek gerrako jaunak ekartzen dituzte, ahulak kalteturik suertatuz. Horregatik, nahiz eta onartu boterearen gaineko zaintza zorrotza egon behar dela herritarren aldetik, gehiegikerien arriskua txikiagotzeko, pentsatzen dugu hobe dugula zuzenbidezko Estatu soziala defendatzea, bermatzailea izan dadila, herritarrak ahaltsuen boteretik babesteko. Botereak ez du zertan beti txarra izan. Ahalmena eta gaitasuna ere adierazten du eta gure helburua Estatuaren ahalmen guztia ahulen alde jartzea izan behar da (jakina, epe luzerako helburua litzateke inor ez izatea ahula eta inork ez edukitzea botere gehiegirik).
Pedagogia ustez aurrerakoiak, ezker eztitsu baten eskutik, ideia arriskutsu eta kaltegarri asko hedatu ditu arrakasta handiz, zoritxarrez. Helduen partetik nerabeekiko gutxieneko disziplina-eskakizuna gogor kritikatzea klasiko bat da. Disziplinak kuartela gogorarazten digu eta badirudi ikuspegi kontserbadore batetik bakarrik defenda daitekeela. Baina disziplina hitzak bi adiera desberdin ditu. Disziplina izan daiteke kolektibitate batean ordena eta mendekotasuna mantentzeko portaera-arauen multzoa, baina uler dezakegu ere arauen multzoa dela, etengabeko betetze errepikatuaren bidez emaitza jakin batera eramaten gaituena. Lehen kasuan, disziplina subjektutik kanpotik datorren inposaketa da eta ordena eta mendekotasuna du helburu. Baina bigarrenean bitartekoa da, subjektuak berak bere buruari ipinitako helburuetara ailegatzeko, subjektuaren lorpena. Pedagogiak ez ditu bi zentzu hauek bereizi, gustuko du dena nahastea eta mugak ezabatzea. Disziplina txarra dela aldarrikatu du, besterik gabe, ikasle askoren gaitasunak garatzea oztopatuz.“Gazteen arazoa ez da helduen zapalkuntza pean bizitzea, baizik eta muga guztiak desagertu izana, euren garapen psikologikoa, kognitiboa eta afektiboaren kaltean”
Jakina denez, ikastetxeetan ez dago egun disziplina ezta autoritaterik. Pedagogo eta burokrata asko eta guraso batzuen arabera ikastetxeetan gutxieneko disziplina egotea ez da derrigorrezko baldintza bizikidetzarako. Disziplina ezetik haratago, arazo larriagoak omen daude hezkuntzan. Zailtasun ugari ditugula onartzen dute, baina ez disziplinarekin konponduko diren horietakoak. Irakasle gutxik pentsatzen du hori, ordea.
Egia da orain duela hamarkada batzuk, frankismotik atera berri geundenean, gehiegizko disziplina hura kuestionatu behar zela: espetxearen kutsua ematen zien ikastetxeei, errespetuaren ordez beldurra zabaldu eta sufrimendu bidegabe handia eragiten zuen. Pedagogiaren korronte nagusiak hezkuntza-munduan autoritarismoa eta kartzelako diziplina kritikatu eta salatzeari ekin zion. Garai horretako dozenaka liburuk jorratu zuten autoritarismoa eskolan gaia. Azken urtetan, hezkuntza-legeen atzean egon diren teoria pedagogikoek eskola beldurgarri hartatik urruntzeko nahiari erantzun diote. Eta hona arazoa: aspaldian existitzen ez den zerbaiti ihes egiteko ahaleginean, hezkuntzak izan behar duenaren iparra galdu du. Gaur egun begi-bistako gauzak defendatu behar dira, hala nola “eskola ez dela jolas-parke bat”, liburu baten izenburuak dioen legez (G. Luri, La escuela no es un parque de atracciones).
Opinión
Hezkuntza Irakaslea bere bakardadean
Balantza beste aldera desorekatu da erabat. Gaurko ikastetxe eta familietan ez da gelditzen garai hartako gehiegizko disziplina eta autoritarismoaren arrastorik. Gazteen arazoa ez da helduen zapalkuntza pean bizitzea, Eskolako liburu gorriak aspaldian salatzen zuenez, baizik eta muga guztiak desagertu izana, euren garapen psikologikoa, kognitiboa eta afektiboaren kaltean. Mugak mugarriak dira, erreferentziak, nork bere bidea egin ahal izateko, galdu gabe.
Egungo egoeraren errua ez da pedagogiarena bakarrik. Faktore askoek eragiten dute gauzak dauden bezala egotea, baina ezin ukatu ekarpen handia egin duela dena nahasten eta gaizki-ulertuz betetzen. Zenbait dogma pedagogikok eta ideia xelebrek eraginda, belaunaldi osoei ohitura onuragarriak bere egiteko aukera kendu diegu, ikasteko ez ezik, bizitzarako gutxieneko orekarako ere. Summerhill bezalako esperientziak gidaliburu edukita, pedagogo eta burokrata askok autoritarismoa (arbuiagarria) eta autoritatea (komenigarria) konfunditu dituzte, erromatar tradizioko potestas eta autorictas nahastu dituzten legez. Eremu pribatuko eta eremu publikoko heziketa (eskolakoa, besteak beste) gako desberdinetan oinarritzen dela ahaztu dute; eta abar. Eta, arren, ez dadila inor atera aipatzen Sokratesek jada K. a. V. mendean kexatzen zela gaztaroa gaizki hezia zelako, autoritatea arbuiatzen zuela eta adinekoak ez zituela errespetatzen. Kontu honetan gauza betierekoak zein berriak daude.
“Helduen autoritatea desagertzean, nerabeak erreferentziarik gabe ez ezik, babesgabe ere geratzen dira. Gerrako jaun batzuk balira bezala, indartsuenak espazioaz eta denboraz jabetzen dira”
Antzinateko greziar zentzudunak gogoratu behar genituzke erdiko terminoa eguneroko bizitzaren etika-kontuetan bertutetsuentzat jotzen baitzuten. Ikastetxeetako disziplina eta autoritate erabateko eza oso kaltegarria da nerabe guztientzat, baina bereziki ahulenentzat. Helduen autoritatea desagertzean, nerabeak erreferentziarik gabe ez ezik, babesgabe ere geratzen dira. Gerrako jaun batzuk balira bezala, indartsuenak (matxitoenak, txuloenak, desorekatuenak, bortitzenak) espazioaz eta denboraz jabetzen dira eta haien presentziaz, garrasiez, baldintzez eta arauez betetzen dute.
Nerabe batzuek erakusten dituzten portaera disruptibo eta bortitzak aurreko desoreken ondorio izaten dira beti (afektiboak, familiarrak etab.) eta helburua ikasgelara horrela inor ez iristea izan beharko litzateke. Gizajo eta biktima batzuk dira. Baina hori bestelako arazoa da (heldu behar zaio baliabideak ipiniz eta dirua inbertituz, hezkuntzan eta beste arlo askotan). Kontua da horrela iristen direla asko. Nerabe ahulak, desberdinak direnak, lasaiak, isilak, lotsatiak, barnerakoiak edo luma dutenak, babesik gabe sentitzen dira. Ez dute besterik ezagutzen eta horregatik ez dute ondo ulertzen zer gertatzen den. Baina maskaren gainetik itzuri egiten zaie babesgabetasunaren begirada tristea.