Komunan aurreko eta osteko gertakariak Euskal Herrian

Komunaren garaiko Euskal Herriko gertakizunak klase borrokaren adierazleak dira, lur komunalen defentsatik anarkistek Arrasaten burututako magnizidiorarte
La Comuna
Argia Komunako barrikadak kalean
7 dic 2021 06:20

Parisen 1848ko otsailaren 22an barrikadak altxatu zituzten errepublika aldarrikatzeko. Errepresioak ez du funtzionatu eta Louis Philippe erregeak abdikatu du. Hiru egun berantago lau urte baizik iraunen ez duen bigarren errepublikaren aroa zabaltzen dute. Komunak berak orduko itxaropenetik edan du, baita porrotak sortu desilusiotik ere. Bada, hain zuzen, Ipar Euskal Herrian ere 1848ko urte hartan libertate haizeak harrapatu ditu bazterrak. Baionan, Agosti Xaho politikari eta idazleak martxoaren lehenean Errepublika modu ofizialean iragartzen du. Herriko Kontseiluan sartu dute baionesek. Atharratzeko kontseilari nagusi ere bada. Eta Baionako apezpikua behartzen du «Jaun goikoa salba errepublika!» kantatzera katedralean. Baionan berean beste hainbat herritan bezala, elizako ordezkariek Libertatearen zuhaitzak bedeinkatuko dituzte.

“Komunak 1848ko itxaropenetik edan du, baita porrotak sortu desilusiotik ere. Baionan, Agosti Xahok martxoaren lehenean Errepublika iragartzen du”

Baionatik at ere badira beste gertakari batzuk, ez direnak bereziki ezagunak. Aspaldiko kexu bat agertzen da 1848 urte hartan, nehoiz baino indartsuago. Baxenabarre eta Zuberoan bereziki. Kontua da 1827ko oihan legeak lur komunen erabilpena hertsitzen dietela herritarrei. Dela berotzeko egur hilak, ongarri bezala erabiltzeko hosto hilak, kabalak alhatzeko txilar eta itsasak, bazkak, baiak edo onddoak, honen guztiaren bilketa debekatzen diote herritar andana bati. Ondorioz, isunak, azienda debekatzeak eta auziak biderkatzen dira. Xaho eta Honore Dindaburu, Bunuzeko notarioa eta Iholdiko kontseilari nagusi gorria dena, Parisera doaz lege hori aldatu behar dela dioen txostena eramatera. Baina ez dute deus lortu. Eta liskarrak biderkatuko dira ere. Amikuzen, Izuran, Armendaritzen, Donaixtin, Muskindin, Atharratzen eta Larrainen, besteak beste. Guztiak urte haietan.

1871n, ordea, Komunaren oihartzunik ez da baitezpada ageri garaiko Euskal Herriko idatzietan. Ez da, ordea, proletarioak eskas direlako. Oraindik baserri mundua da nagusi, nahiz industrializatzen ari diren bazterrak. Baina egunka lanean ari direnak anitz dira baserri munduan ere. Nolabaiteko baserri munduko proletarioak. Ezinbestekoak direnak nahiz eta zenbaki ofizialetan ez diren agertzen. Baserri mundua eta euskal etxea idealizatzen zituzten garaiak dira, hori bai. Politikoki, orduko gatazka nagusia, Ipar Euskal Herriari dagokionez, zuri-gorrien arteko ideien gatazka da. Zuriek erregearen aldekoak biltzen dituzte, baita legitimistak, orleanistak, bonapartistak. Gorriek, berriz, errepublikaren aldekoak, liberalak. Baina orduan horrek ez du sozialista erran nahi.

1874ko Sarako Lore Jokoetan agertzen da argiki gatazka. Urte hartan, Gratien Adema Zaldubi-k, bi urte lehenago Atharratzeko erretore nagusi izendatu zutenak, bigarren saria jaso du. Iraultzaz eta errepublikaz trufatzen dira bertsoak. Artetik erraiteko, lehen saria Jaungoikoa eta Erriya bizkaitar karlista batenak irabazi du. Parisen bertan, 1879an, Komunan parte hartu dutenen amnistia dela eztabaidagai, Charles Floquet garaziarra amnistia osoa ozenki aldarrikatzen dutenen artean da. Euskal Herritik urrun gelditzen den eztabaida da. Baina Charles Floquet, halere, Euskal Herriko gorriek berena daukate. Orduko tokiko gorrien aldeko Le Reveil basque-k euskaraz kontatzen du, adibidez, nola 1888an dueluan irabazten duen Floquetek Boulanger erregezale eta bonapartista sakonki zaurituz.

“Angiolillok 1897an tiroz hil du foruak deuseztarazi dituen Cánovas del Castillo Arrasateko bainuetxean. Urkabean argi ahoskatu zuen ‘Germinal!'”

Eta halako batean, anarkismoak eztanda egiten zuen Euskal Herrian. Michele Angiolillok 1897an tiroz hil du foruak deuseztarazi dituen Antonio Cánovas del Castillo Espainiako presidentea Arrasateko bainuetxean. Angiolillok Cánovas exekutatzean Jose Rizal hizkuntzalari eta iraultzaile filipinarra ekarriko du gogora, espainiarrek berriki exekutatu dutena. Angiolillo atxilotu eta Bergarako kartzelan preso sartuko dute. Presondegiko patioan hilko dute, publikoki, garrotez, lepoa tinkatuz. Orduko The New York Times egunkariak eman du horren berri: «Goizeko 10:53an Angiolillok irmotasunez igo zituen urkabeko eskailerak eta jantzi beltza eta kapa jarri zituen. Borreroa Angiolillo presoaren aurpegia estaltzen hasi zenean, Angiolillok eskatu zuen estali gabe uzteko. Lasai begiratu zien ikusleei, hitz egiteko baimena eskatu zuen, eta argi eta garbi ahoskatu zuen ‘Germinal!’».

Germinal zen Frantziako Iraultzaren egutegi errepublikarrean zazpigarren hilabeteari emandako izena. Germinal hitzak udaberria irudikatzearekin batera badu ere bere baitan ereina den haziaren ideia, Xabier Leteren Izarren hautsa bertsoetako «sortuko dira besteak». Louise Michelek, Victor Hugok ez bezala, ez du ezagutu Euskal Herria. Baina badu olerki bat, Bergarako presondegi horretara daramana, Angiolillori eskainia, «Germinal» deitzen dena, hain zuzen.

Lau horma beltzotan torturatzen dute

Harkaitz bat bezain altu altxatzen dira

Ez da ufadarik, ez murmuriorik

Usaintzen dugu pasa den heriotza

Oholtzan tronu bat dago

Eta koroa dagoela dirudi,

Urkatzeko lepokoa da./

Michele Angiolillo igo da

Kopeta altu eta pauso gisakoarekin

Bere epaileak lotsaz zurbil

Beldur dira epaimahaiaren itzalean

Zigortua bere kabuz eseri da

Sentitzen ereiten den hazia bezala

Ahots goran esan du “Germinal!”/

Mendetako Germinala da

Puzten dena eta haziko dena,

Lurra eraldatuko duena,

Zigortuak altxatzen ikusi du,

Borreroak, esku dardarti batekin

Lotu dizkio elkarrekin belaunak

Eta estutu du burdinazko lepokoa./

Eta denboran eta espazioan

Eternitateak hartzen du,

Bai, Germinal da pasatzen dena

Askatasun Germinal bat

Kulunkatzen den ozeano bat bezala

Jendetza handia lehertzen

Burrunba egiten du hitz bakarrean: gizateria!

(Amaia Lasak itzulita, “ Erbesteko gutunak Victor Hugori ” liburuan, Katakrak, 2020)

Cargando valoraciones...
Comentar
Informar de un error
Es necesario tener cuenta y acceder a ella para poder hacer envíos. Regístrate. Entra en tu cuenta.

Relacionadas

Cargando relacionadas...
Cargando portadilla...
Comentarios

Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.

Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!

Cargando comentarios...