Opinión
Erresistentzia eta integrazioaren bilobak

Eskuin muturraren gorakadaren eta Europa osoan zabaltzen ari diren diskurtso baztertzaileen aurrean, faxismoari aurre egin ziotenen eta herri honetan errotu zirenen memoria berreskuratzea inoiz baino beharrezkoagoa da

Eskuin muturra Espainiako gobernura iristeko aukera gero eta gertuago ikusten den garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da sustraiei begiratzea eta haiek harrotasunez aldarrikatzea. Ez nostalgia hutsez, etorkizuna bera jokoan dagoelako baizik. Euskal Herrian, asko gara faxismoari aurre egin ziotenen bilobak. Errepublika eta demokrazia defendatzeko bizitza arriskuan jarri zutenen oinordekoak. Borroka horregatik kartzela, erbestea edo heriotza ezagutu zutenenak. Haiek ondo zekiten askatasuna ez dela oparitzen, egunero defendatu eta irabazi egin behar dela.

Aldi berean, Andaluziatik, Extremaduratik edo Gaztelatik etorritako migratzaileen bilobak ere bagara. Herri industrial baten eskulan merkea izateko iritsi ziren hona, bizimodu duinago baten bila. Lantegietako txanda amaigabeei eta labe garaietako lan gogor eta prekarioei egin zieten aurre. Batzuek lantokian bertan galdu zuten bizia, eta beste asko gerora hil ziren, lanbide horiek biriketan eta gorputzean utzitako gaixotasunek jota.

Presaka altxatutako langile auzoetan, txaboletan edo etxebizitza partekatuetan pilatuta bizi ziren. Hala ere, estutasun ekonomiko guztien gainetik, ahalegin handia egin zuten seme-alabek zein bilobek euskaraz ikas zezaten eta garaiko ikastoletara joan zitezen. Herri honetan errotzeko eta integratzeko bidea aukeratu zuten.

«Olatu erreakzionarioaren aurrean, sustraiek eta memoriak planto egitera behartzen gaituzte»

Ez al da, bada, oso antzekoa gaur egun Hego Amerikatik edo Afrikatik iristen diren gazte eta familiek bizi duten errealitatea? Izenak eta jatorriak aldatu dira, baina prekaritatea, etxebizitza lortzeko zailtasunak eta aurrera egiteko borroka berberak dira. Horregatik, haien sustraiek eta memoriak planto egitera behartzen gaituzte olatu erreakzionario honen aurrean; pertsona migratzaileen, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren eskubideen kontra oldartu nahi dutenen aurrean.

Hemen kezka sortzen duten diskurtso baztertzaile hauek ez dira bertako salbuespen hutsa, Europa osoa zeharkatzen ari den giro politiko baten isla dira. Ikusi besterik ez dago sozialdemokrazia nordikoak -Danimarka buru- hartu duen ultraeskuinerako bira, asilo-eskatzaileak Ruandara bidaltzeko zentroak bultzatuz.

Neurri horien aldekoek diote migrazio-politikak gogortzea beharrezkoa dela ongizate-estatuaren iraunkortasuna babesteko eta muturreko alderdiei bidea ixteko. Baina esperientziak erakusten du haien agenda bere egiteak ez duela mehatxua geldiarazten, elikatu eta hauspotu baizik, ongizate-estatu horren beraren oinarri den giza duintasuna hustuz.

«Esperientziak erakusten du eskuin muturraren agenda bere egiteak ez duela mehatxua geldiarazten, elikatu eta hauspotu baizik, ongizate-estatuaren oinarri den giza duintasuna hustuz»

Testuinguru berean kokatu behar dira Frantziako hauteskundeak ere, kontinente osoaren norabidea baldintzatuko baitute. Marine Le Penen eskuin muturra Eliseora iristeak ez luke ohiko gobernu-aldaketa soil bat ekarriko, baizik eta autoritarismoaren normalizazioa eta lorpen sozialen zein askatasun zibilen atzerakada sakona, gizarte ireki eta demokratiko baten oinarriekin aurrez aurre talka eginez.

Ez da sigla kontua, duintasun kontua baizik. Urteetan borrokaz irabazitako eskubideak eta ongizatea kolokan daude, eta ez dira berez babestuko. Antolakuntza eta erantzuna behar dute. Bada garaia demokraziaren alde dena eman zutenen eta haiei herri anitz eta duin bat uzten saiatu zirenen espiritua berreskuratzeko. Erresistentzia eta integrazioaren bilobak eskuin muturraren aurrean.


Cargando valoraciones...
Comentar
Informar de un error
Es necesario tener cuenta y acceder a ella para poder hacer envíos. Regístrate. Entra en tu cuenta.
Cargando...
Comentarios

Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.

Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!

Cargando comentarios...