Opinión
Transaktibismoa: XXI. mendeko sorgin ehiza
Transaktibismo dominanteak jarrera antifilosofikoz debaterik eza inposatzen du, feministen kezkak indarrez gutxietsiz.
Transaktibismo dominantea sorgin ehiza bilakatu da sare sozialetan, boteretsu, hurrengo ‘TERF’a sutara botatzeko prest. Hasteko, esan beharra dago ‘TERF’ termino okerra dela, feminista erradikalak emakume transmaskulinoak feminismoaren subjektu izatearen alde baitaude. Gainera, misoginoa da: soilik emakumeengana bideratzen den iraina da, eta haien aurkako indarkeria zuritzen du. Generoarekin kritikoak diren feministen aurkako jazarpena onartezina da. Queer teoriarekin izan daitekeen desadostasun txikiena transfobiarekin parekatzen da transak mintzea leporatuz. Hala, debatea era autoritarioan isilarazten da, transaktibismoaren joera beharbada matxista, homofobo eta umeen giza eskubideen aurkakoen inguruan azalpenak ematea saihestuz.
“Queer teoriarekin izan daitekeen desadostasun txikiena transfobiarekin parekatzen da transak mintzea leporatuz. Hala, debatea era autoritarioan isilarazten da”
Logika horri jarraiki, hots, teoria bat sinestea balitz horren sinestunen aurkako fobiarik ez izateko era bakarra, musulmanak bakarrik izango lirateke islamofobia akusazioetatik aske, esaterako. Jendea ez mintzea baldin bada irizpide gorena, hainbat teoria kontraesankor sinestera behartuta egoteaz gain, alde batera utzi beharko dugu ikerketa zientifiko oro. Adierazpen askatasunak iritzi ezberdinak izan eta horiek jaso eta partekatzeko eskubideak biltzen ditu, queer teoriarekin bat ez etortzea barne. Egungo transaktibismo dogmatikoak askatasun hori urratzen du, eta emakumeen eta transen arteko kontsentsu politikoak bilatzeko bidea ixten.
Sexua egitate material bat da, eta emakumeen opresioaren ardatza. Patriarkatuak intersexualak baztertu eta emakumeok gizonen menpekotasunera kondenatzen gaitu. Zapalkuntza hori sozialki eraikitako generoaren bidez burutzen da nagusiki, alegia, sexuari hierarkia naturalizatu, justifikatu eta betikotuko duen esanahi soziala inposatuz. Beraz, generoa abolitzea da feminismoaren helburua: sexua ez dadila izan bizitza erabat baldintzatuko duen nahitaezko patu sozial bat.
Transaktibismoak bestelako errealitate bat dakar argitara, zilegi, beharrezko eta ongietorria dena. Baina bere errealitatea plazaratzerakoan, jada esanahia duten terminoak erabiltzen ditu, jatorrizko esanahiak erreferentzia linguistikorik gabe utziz. Emakumea, definizioz, gizaki eme heldua da, hau da, sexuari erantzuten dio; eta transaktibismoak generoari hura birdefinitzeko boterea eman nahi dio. Apropriazio linguistiko hori parametro patriarkaletara moldatzeko bidezidor bat da, emakumeak generotik askatu beharrean, emakume izatea femeninotasunarekin zuzenean lotzen duena. Aldi berean, emakumeok sexuan oinarrituta partekatzen dugun errealitatea deskribatu eta salatzeari uko egitera behartzen gaitu.
Gure burua izendatzeko ezintasun hori bereziki kezkagarria da eskubideei begira. Emakumeon zapalkuntza sexuan oinarritzen denez, gure eskubideak aipatutako terminologiaren jatorrizko esanahien bidez garatu dira. Podemosen Trans Lege Proposamenak sexuaren kategoria legala genero identitatearenarekin ordezkatzen du. Praktikan, horrek zera dakar: gizonek eta emakumeek beren burua beste sexuan legalki klasifikatzeko erabateko boterea izatea, sexuari eta generoari buruzko beren kontzepzio pertsonalen edo beren interesen arabera. Polisemia kontrolaezin horrek ‘emakume’ eta ‘gizon’ terminoak errealitate ezberdinak adierazteko erabiltzera garamatza. Izan ere, beren burua emakumetzat duten gizon transfemeninoek eta emakumeek ez baitute gehiegi amankomunean: ez sexua, eta ezta generoa ere derrigorrez.
“Zer eskubide eta erantzukizun legal dagozkigun erabakitzeko autoritatea ezin da indibiduala izan, eta emakumeok gizonen botere eta indarkeriatik babesteko dugun eskubidea ezin da gizonen autopertzepzioaren arabera hipotekatu”
Horrela, gizonek, trans izan ala ez, emakume direla esatearekin nahikoa lukete emakumeen eskubideak eurenganatu eta haien pribilegioengandik eratorritako erantzukizun legalei ihes egiteko. Esaterako, gizonezko preso transfemeninoek emakumeekin kartzelaratu ditzaten eskatu ahalko lukete frogatutako erasotzaile sexualak izan arren. Zer eskubide eta erantzukizun legal dagozkigun erabakitzeko autoritatea ezin da indibiduala izan, eta emakumeok gizonen botere eta indarkeriatik babesteko dugun eskubidea ezin da gizonen autopertzepzioaren arabera hipotekatu. Adibidez, emakumeok Elsa Ruizen jazarpenetik babesteko eskubidea daukagu, eta baita Lara Santaellaren abusuetatik ere. Emakumeen eta gizon transfemeninoen arteko bereizketa transfobiatzat hartzeak sexuan oinarritutako gure arteko botere harremanak kudeatzeko ezintasunetik behera amiltzen gaitu.
Horrekin ez dut transfobiaren existentzia ezeztatzen: trans pertsonen kolektiboak indarkeria eta gizarte-bazterketa latzak pairatzen ditu, ez dago zalantzarik. Baina transekin desados egotea ez da eraso bat, eta argi egon beharko luke emakumeen eskubideak deuseztatzeak ez duela transfobia desagerraraziko.
Badirudi onartezinagoa zaigula feminismoaren subjektu politikoa emakumea izatearen ideia transaktibismoaren misoginia eta xantaia emozionala baino. Emakumeoi hobeto irakatsi digute, generoaren bidez, besteak ez samintzen gure burua defenditzen baino. Aski da. Ortodoxia transaktibistari desafio egiten dioten emakumeen aurkako inkisizioa salatzera gonbidatzen zaituztet, misoginiari mugak jartzera eta batez ere, gure eskubideak defenditzera.
Relacionadas
Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.
Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!