We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Elecciones 12J (País Vasco y Galicia)
Askatasuna eta politika
Herritar askorentzat, hauteskundeak politikan esku hartzeko duten eskubidea gauzatzeko aukera bakarrenetarikoa dira. Abstentzio tasa altuak agerian utzi du egun hegemonikoa den politika egiteko moduarekiko aurkakotasuna.
Badira asteak hauteskundeak iragan zirenetik. Herritar askorentzat, egutegian gorriz markatutako eguna izan zen uztaileko egun hura, politikan esku hartzeko duten eskubidea gauzatzeko egun bakarrenetarikoa. Herriaren ordezkaritza hautatzeko eguna. Hala ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetako emaitzak instituzioetan herriaren ordezkaritza lortzetik urruti daude. Emaitzak, ordea, bai izan dira herriaren isla. Abstentzio tasa altuak agerian utzi du egun hegemonikoa den politika egiteko moduarekiko aurkakotasuna.
“Zer legitimitate du orain Eusko Jaurlaritzak herriaren izenean erabakiak hartzeko? Gure eskubideen ukapen argi baten atarian gaude”
Horren parte-hartze baxua izan duten hauteskundeek kostata aldarrika dezakete demokrazia bandera gisa. Zaila egingo zaie herriaren hautu gisa izendatzea gobernua. Haren babes eza, eta hortaz ahulezia, agerian uzten ditu horrek. Datorrenari begira, horrek badu pisurik; izan ere, osasun irizpideak zorrozteak eta jasaten ari garen eta jasango dugun berehalako atzeraldi ekonomikoak langileriarekiko neurri murriztaileak planteatzea eragingo dute. Aipatutako babes murritzarekin, prozesu legegileak izaera ofentsiboa izango du, legitimatzaile beharko luketen hauteskunde hauen emaitzak bestelakoak baitira. Zer legitimitate du orain Eusko Jaurlaritzak herriaren izenean erabakiak hartzeko? Gure eskubideen ukapen argi baten atarian gaude.
Horrekin lotuta, beharrezkoa da askatasunen aldeko borroka lehen lerroan jartzea: adierazpen askatasuna, biltzeko askatasuna, manifestatzeko askatasuna, protestarako eta grebarako eskubidea… Langile mugimenduarentzat ezinbesteko borroka baten gisara ulertu behar dugu hori; zapalkuntza politikorik gabeko harreman sozialen aldeko borroka.
“Hein batean abstentzioaren bidez adierazi den ezinegona antolatzeko askatasuna bermatu behar dugu”
Burgesiak langileriaren aurkako ofentsiba politikoa abiarazi du jada, mundu mailakoa, eta horrek bere isla izango du Euskal Herrian ere. Ikusi izan dugu nola lurrundu diren azken hilabeteetan gure eskubideak osasun irizpideak direla medio, nola areagotu den guganako kontrol soziala, estatu aparatuen zein proletariotzaren baitako figura diziplinatzaileen bitartez. Askatasunen ukapenean, militatzeko baldintzak kendu zizkiguten, biltzeko zein borrokatzeko askatasuna, eta horrek politika egitea ezinezko bihurtu zuen. Horregatik, langileriaren beharrizanak erdigunean jarriko zituen programa baten garapena standby egoeran geratu zen. Eta politika hori estrategikoa zaigu proletariooi. Datorrenari begira, langileriak egunerokotasunean pairatzen zuen miseria areagotu egin den honetan, gobernu ahul batek berme minimo batzuk eskaintzeko gaitasunik ez duen egunotan eta ofentsiba burgesari aurre egiteko prestatu behar denean, hein batean abstentzioaren bidez adierazi den ezinegona antolatzeko askatasuna bermatu behar dugu.
Badakigu langile borrokak urte luzez eskubide bat zein beste berma zedin lortu duela, eta borrokan gehitutako indar horiek burgesiak eskubide batzuk onartzea eragin izan duela. Horrek esan nahi du burgesiak ematen dituela eskubideak, baina ez borondatez, baizik eta langile mugimenduak indar nahikoa zuelako horiek bete zitezen. Momentuko indar korrelazioaren arabera eskubide horiek eman edo kendu egiten zaizkigu; hortaz, eskubideek behin-behinekoak dira, eta horiek urratzeko aukerak, etengabeak. Zentzu horretan, gure bizitzako arlo guztietan bermatu beharko genuke eskubideak mantentzeaz gain horien etengabeko zabalpena ematen dela.
“Hilabete luzez ekoiztu den alarma egoerak ordenarako subjektibitatea heda dadin lagundu du, eta agertoki mamitsua utzi dio gobernuari esku-hartzerako”
Haserre orokortu baten aurrean langileriaren erantzun bortitzagoak espero direnean, subertsio eta erreboltarako aukerak biderkatu egiten direnean, azken urteetako teknologia berrikuntzek badute irtenbiderik gizarte burgesean; etekin ekonomikoa handitzeko aukerak zabalduz batetik, eta kontrol teknikak modernizatuz bestetik: bideozaintza eta mugikor bidezko arakatzeak, besteak beste. Teknologia berrikuntzek bestelako gizarte sozialista batean askatasunaren hedapenerako balioko lukete; aldiz, burgesiak, teknologiaz baliatuta, herritarron gaineko kontrol handiagoa bermatu du, dominazio teknika berriak ezarri ditu. Berebiziko garrantzia du horrek, azkenaldian geroz eta nabariagoa baita bake sozialerako aukerarik ez dagoela; hortaz, inposatzea beste aukerarik ez du burgesiak. Herri honetan aspaldidanik ezagutu dugu askatasun politikoen urrapen sistematikoa, eta gaur egun bizi dugun testuinguruan horiek berriro ere modu oldarkorragoan ezerezteko aukera zabaldu egin da. Hilabete luzez ekoiztu den alarma egoerak (hauteskundeak eman zitezen antzeztutakoa salbu) ordenarako subjektibitatea heda dadin lagundu du, eta agertoki mamitsua utzi dio gobernuari esku-hartzerako.
Ez dezagun uste hori guztia behin-behinekoa denik, iragango denik, joera orokorrago bati erantzuten baitio esandakoak. Behin eskubideak urratuta egoera berria gure egiten baldin badugu, horien alde borrokatu ezean burgesiak ez dizkigu itzuliko. Krisi kapitalistaren ondorioz, ekonomia zirkulazioa bultzatzeko, aldaketa politiko eta sozialak eman behar dira. Horrenbestez, burgesiaren botere erregimena berregituratzeak dakarren egoeraren aurrean, mugimendu sozialista berregituratu beharra dugu.