We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Turismo
Love San Sebastian. Live Donostia
Gure hiria komertzializatu eta, bertakoak ahaztuta, kanpokoei begira arautzeak bota baikaitu herritarrak Alde Zaharretik. Etxebizitza turistikoek dakarten espekulazioak bidali gaitu periferiara. Eta guk erdigunera itzuli nahi dugu.
Horixe Donostiako udalak hirian turismo arduratsua sustatzeko aurkeztu berri duen leloa. Bertan bizi garenok erabat harritu ez gaituena, orain bi urte turismoa Gipuzkoako lurralde osoan zabaltzeko helburuz, Explore San Sebastian region aurkeztu ziguten eta. Kanpaina berriaren bitartez, udalak dei egin die turistei gaueko atsedena errespeta dezaten, hiriko merkataritza susta dezaten eta apartamentuko bizilagunak zain ditzaten, besteak beste.
Udaletik eta hoteltzainen lobbytik sustatutako turismo ereduak hirian duen eragina bisitarien gain jarri nahi du hala, erabat, jeltzale eta sozialisten Udal-gobernuak eta iaz turismo eredu basatiaren kontra jaso zituzten herri-mobilizazio eta protesta guztiei aurrea hartzeko urrats bezala aurkeztu du gainera kanpaina. Ingelesez eta Frantsesez, kanpotarrek mezua uler dezaten.
Ezetz. Gurera etortzen diren bisitariak eurak ez direla arazoa (gehienak familian eta egun-pasa egitera etortzen dira-eta, gainera). Arazoa da, Udalak turismo-eredu honek eragiten dituen zenbait kalte identifikatu dituen arren, horiek errotik konpontzeko borondaterik ez duela. Batera-ezinak baitira koherenteki Alde Zaharreko tabernei terraza, bolumen eta irekiera-orduen baimenak areagotu eta turistei gaueko atsedena errespetatzeko eskatzea; estatuko multinazional handienei hirigunean lekua eskaini eta merkataritza gune erraldoiak handitzeko proiektua onartu, eta bisitariei hiriko merkataritza susta dezaten eskatzea; eta etxebizitza turistikoak arautzeko ordenantza ezarrita itxurak gordez, berrehun hoteletik gora eraiki, eta bidaiariei bizilagunak zaintzeko eskatzea.
Turismoaren albo-kalteak identifikatu dituen bezala, ardurak bere gain hartu behar ditu Udalak, atzerritarren gain jarri ordez. Gure hiria komertzializatu eta, bertakoak ahaztuta, kanpokoei begira arautzeak bota baikaitu herritarrak Alde Zaharretik. Etxebizitza turistikoek dakarten espekulazioak bidali gaitu periferiara. Eta guk erdigunera itzuli nahi dugu.