We can't find the internet
Attempting to reconnect
Something went wrong!
Hang in there while we get back on track
Opinión
Altsasu: manifestazioaren osteko gogoetak
Oso posible da hurrengo urteotan azkenaldiko joera kriminalizatzailea berrindartzea. Horretarako, ezinbestekoa izanen da elkartasun sareak indartzea eta errepresioa hobekien deslegitimatzen duten estrategiak erabiltzea.
Zuek uste duzue honek zerbaiterako balioko al duela?”, bota zuen larunbatean, apirilak 14an, lagun batek, Altsasuko gazteen aurkako prozesuan justizia aldarrikatzeko manifestazioaren osteko solasaldian.
Egia esan, mobilizazioa itzela izan zen. Alde batetik, jende kopuruaren aldetik. Bestetik, eta honek arrakasta ulertzeko giltza da, Altsasuko gurasoen kanpainaren bertuteak agerian utzi zituelako. Izan ere, guraso hauen diskurtsoa justizia garantistaren defentsa sutsu, irmo eta eskuzabalean oinarritu da. Ez dute inpunitatea aldarrikatu, justizia baizik, eta prozesuan pertsona guztien eskubideen bermea eskatu dute, haien seme-alabena zein tabernako istiluan inplikaturiko guardia zibilena ere.
Planteamendu zabal hori erabakigarria izan da horren sostengu zabala jasotzeko. Ez da kasualitatea epaiketan bertan mundu mailan prestigio handia duen erakunde bat behatzaile moduan agertzea, Amnesty International, alegia. Alde horretatik, zalantzarik gabe, atzoko manifestazioa tresna garrantzitsu bat izanen da epaiketan zehar iritzi publikoaren bataila irabazteko, edota, behintzat, terrorismoaren akusazioaren oinarri juridiko ahula agerian uzteko. Argi dago, erantzun genion lagunari, askorako balioko duela manifestazioak eta orain arte martxan jarritako kanpaina guztiak.
Hala ere, manifestazioaren bukaeran irakurritako diskurtsoan gurasoek argi eta garbi utzi zuten ez daudela batere baikor epaiketari begira. Instrukzio prozesua ikusita, epaimahaiaren osaketa ikusita, ezin da oso itxaropentsua izan, eta akusatuek zigor gogorra jasotzea ez da batere baztertzekoa. Orain arte, modu prebentiboan baina irmoan, jaso dutenaren antzekoa edo askoz larriagoa.
Baliteke, beraz, Espainiako Audientzia Nazionaleko epaimahaiak taberna batean izandako liskar bat terrorismotzat jotzea. Hala balitz, beste urrats bat emango luke juridikaturak terrorismoren eta matxinadaren kontzeptuen zabaltzean. Beste urrats bat “etsaiaren kode penalaren” ezarpenean, orain arte hainbat juristek salatu duten moduan. Ez litzateke lehen urratsa izanen, azkenengotan beste urrats kezkagarri batzuk jarri baitira martxan, disidentzia politikoa zigortzeko bidean. Izan ere, aurreko hamarkadetan emandako adibideen zerrenda hazi egin da azken urte eta hilabeteotan, raperoen, Kataluniako politikari zein eragile baketsuen, edota Mediterraneoan errefuxiatuei laguntza ematen aritzen diren ekintzaileen kasuetan bezala.
Beraz, Altsasuko epaiketaren emaitza edozein izanda ere, joera orokor beldurgarri baten aurrean gaude. Beste modu batez esanda, edozein jarduera eraldatzaileak kriminalizatua izateko, eta errepresioa jasotzeko, gero eta arrisku handiago dauka. Egoera, zalantzarik gabe, kezkagarria da, eta horregatik honen inguruan hausnarketa kolektiboa plazaratzea ezinbestekoa da. Nola egin aurre errepresioari? Nola geldiarazi uhin errepresibo hori? Egia da ez garela hutsetik abiatzen, esperientzia anitzak eta zabalak daudela, eta atzoko manifestazioa horren adibidea dugu. Gauzak ongi egitearen adibidea, alegia. Honetaz gain, afera honen inguruan gaur egun dagoen erreferenterik indartsuenetakoa Catalunyan sortutako En peu de pau ekimena dugu, eta honetako partaideak argi eta garbi ari dira bi ardatz azpimarratzen.
Hasteko, estrategia kolektiboaren garrantzia. Errepresio selektiboaren aukera erabiltzen dute askotan estatuaren aparatuek, helburu jakin batekin, kohesioa eta elkartasuna ahultzea, eta horren aurrean ezinbestekoa da hausnarketa modu kolektiboan planteatzea. Nola erabiltzen eta indargabetzen ahal da errepresio hori? Zein da emango ditugun urratsen ondorio legala? Zein neurritan gaude prest horri aurre egiteko? Nola uztartu, modu eraikitzaile batean, konpromiso maila ezberdinak? Hori guztia prestatzeko, horretaz guztiaz eztabaidatzeko, horrelakoetan trebatzeko, hamaika tailer antolatu ditu En peu de pau ekimenak Catalunya osoan.
Bestalde, estatuaren kriminalizazioaren aurkako estrategiaz eztabaidatzerakoan borroka tresnen gaiak ere zentraltasuna du, eta horretan iadanik aipaturik bi adibideak ere, Altsasuko gurasoena zein En Peu de Pau ekimenarena, azken urteotan ugaltzen ari diren erantzun uhin baten adibideak dira. Hortxe dugu, adierazpen askatasuna defendatzeko hainbat raperok sorturiko abesti kolektiboa,“Los borbones son unos ladrones”, edota hirietako zein landa eremuetako okupazioak, lurraldea eta natura defendatzeko ekintzaileek buruturikoak. Honen inguruan, aipatzekoa da Estatu Batuetan, Massachussetseko epaile batek berriki emandako epaia, zeinaren arabera zilegi den desobedientzia eta ezbiolentziaren bidez klima aldaketaren aurka borrokatzea, hainbat azpiegituren eraikuntza geldiaraziz, Climate Disobedience Center delakoak jakinarazi duenez.
Esan bezala, ez dago errezeta magikorik. Are gehiago, oso posible da hurrengo urteotan azkenaldiko joera kriminalizatzailea berrindartzea. Horretarako, baina, ezinbestekoa izanen da elkartasun sareak indartzea, irudimen kolektiboa martxan jartzea, eta errepresioa hobekien deslegitimatzen duten estrategiak erabiltzea, legalitatean zein legalitatetik kanpo.