Opinión
Gazte problematikaz

Joera sozial hegemonikoek gizarte problematiken klase izaera ezabatzen dute (gazteria, generoa, ikaslegoa, etorkinak...) eta zapalkuntza guztiak modu isolatuan tratatzen dituzte. Guri, kontrara, gazteria prozesu sozialistara lerrokatzea dagokigu.

Iraultzaren sugarra hauspotzen
Fuente : gedar.eus

Gazte Koordinadora Sozialistako militantea

30 jul 2019 08:00

Azken hamarkadako krisi ekonomikoak ezagutzen dugun munduaren gainbehera eragin du, eta ordura arte ezagutzen genuen “Ongizate Estatu” delako horren bukaera sinatu da. Krisi ekonomiko soil bat izatetik urrun, etekin ekonomikoa hizpide, burgesiak berrantolaketa kulturalak egikaritzen ditu, diziplinazko prozesuak exekutatu eta langileriaren bizi-baldintzak erasotzen ditu produkzio bitarteko eta teknika berriak garatzeko asmoz. Mendebaldeko estatuek, “errentagarritasun baxuko” esplotazioaren ondorioz, inbertsio publikora bideratzen duten kapitala murriztu egin dute, eta klase ertainaren bizi-baldintzak okertuz, langile klase osoaren proletarizazioa eragin dute. Klase-ofentsibaren agertoki berria da krisia.

Haustura ekonomiko horrek atzera bueltarik ez duen arren, eta ezagututako bizi-baldintzak berreskuraezinak izanda ere, esaten digute gazteok bizi ziklo honek eskaintzen dizkigun aukerak aprobetxatu behar ditugula. Irabazten dugun diru apurra kontsumitzea edo hara eta hona bidaiatuz xahutzea proposatzen digute, hau eta bestea ezagutu baina konpromisoa ukatuz ibiltzeko. Bien bitartean, normatibitate burges modernoa ohiko bihurtzen ari da gazte langileontzat: langabeziaren existentzia orokortua, ordaindu gabeko lan-orduak, epe motzerako lanaldiak, miseriazko soldatak eta lan-baldintza penagarriak, bat-bateko kanporaketak, etxebizitzarako aukera eza, familiaren gaitasun ekonomikoarekiko dependentzia izugarria, bizitza egonkortua garatzeko ezintasun erreala...

Horiek ez dira salbuespen egoera bateko bizi-baldintzak; gizarte kapitalistaren bizi-baldintza modernoak dira. Etorkizunak dakarrenaren aierua dira. Finean, proletarizazioa eta bizi-baldintza berrietara ohitzeko prozesu basatia bizi dugu.

Gazte problematikaren auziari erantzutea gazteria kapitalistentzako tresna izatetik prozesu sozialista elikatuko duen agente izatera igarotzea esan nahi du.

Guk, gazte langile bezala, gazte problematika botere burgesarentzat auzi funtzional gisa ulertu behar dugu, bere boterea handitzeko erabiltzen duen auzi gisa. Ekonomikoki, sistema honek subjektu debaluatu gisa ekoizten du gazteria langilea, mekanismo ezberdinen bitartez bere lan-indarraren balioa murrizten baitu: praktikako kontratuen, aldi baterako laneko enpresen eta abarren bitartez. Kulturalki, izaera despolitikoa duen subjektibitate eredua inposatzen digu: instituzio burgesen existentzia normalizatuz, autoritarismoaren adierazpen ugariak barneratuz, moral egoista eta indibidualista garatuz, inguru eta arazoekiko arduragabetsu bihurtuz... Gainera, klase borrokaren fase berria egonkortzeko helburuarekin, belaunaldi berrien gainean esku hartzen du burgesiak etengabe: hezkuntza sisteman erreformak burutuz, kultura kontrolatuz, gazteria kriminalizatuz.

Are gehiago, errealitate prekario hori salatu eta horren aurrean altxatzen den gazteria kritikoaren kultura faltsua sortu dute: gizartean nagusi diren joerei jarraituz, aurreko belaunaldien bizi-ikuspegi eta -ohiturak modernizatzeko balio duen gazteriaren eredua. Gizartean hegemonikoak diren tendentzia sozial horiek, ordea, problematika askoren (gazteria, generoa, ikaslegoa, etorkinak...) klase izaera ezabatzen dute eta zapalkuntza guztiak modu isolatuan tratatzen dituzte.

"Haustura ekonomikoa haustura politiko bihurtzea dagokigu. Joera sozial hegemonikoei aurre eginez, bizitzako esfera oro politizatu, antolakuntzaren kultura hedatu eta etorkizun ilunean argi bat piztu behar dugu."

Guri, kontrara, gazteria prozesu sozialistara lerrokatzea dagokigu. Ordena instituzionaleko alderdiek proletargoaren babesgabetasun egoeraren aurrean beste alde batera begiratzen duten eta gizarteko estratu pribilegiatuenen interesei erantzuten dieten bitartean, prozesu sozialistak proletargoaren interesei erantzuten die eta hainbat arlotako botere dinamika gelditzeko lan egin behar du. Gazte problematikaren auziari erantzuteak, beraz, hau esan nahi du: gazteria langileak botere burgesarentzat betetzen dituen funtzioak neutralizatzen joatea pixkanaka, kapitalistentzako tresna izatetik prozesu sozialista elikatuko duen gazteria izatera igarotzeko.

Haustura ekonomikoa haustura politiko bihurtzea dagokigu. Joera sozial hegemonikoei aurre eginez, bizitzako esfera oro politizatu, antolakuntzaren kultura hedatu eta etorkizun ilunean argi bat piztu behar dugu.

Cargando valoraciones...
Ver comentarios 6
Informar de un error
Es necesario tener cuenta y acceder a ella para poder hacer envíos. Regístrate. Entra en tu cuenta.

Relacionadas

Cargando relacionadas...
Cargando portadilla...
Comentarios 6

Para comentar en este artículo tienes que estar registrado. Si ya tienes una cuenta, inicia sesión. Si todavía no la tienes, puedes crear una aquí en dos minutos sin coste ni números de cuenta.

Si eres socio/a puedes comentar sin moderación previa y valorar comentarios. El resto de comentarios son moderados y aprobados por la Redacción de El Salto. Para comentar sin moderación, ¡suscríbete!

Cargando comentarios...